Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko ezarriko duen sistema berriko oinarrietako bat konposta edo auzokonposta egiteko aukera da. Arbizun garatzen ari den informazio kanpainaren ondorioz, oraingoz 250 etxe dira aukera horren alde egin dutenak (150 auto konposta eta 100 auzo konposta). Beraz, hondakin organikoak haiek kudeatuko dituzte eta Mank-ek luzatzen duen erreziboan %15eko hobaria izanen dute. Informazio kanpainaren ondoren, herri bakoitzaren berezitasunera egokitzen ari da hondakin bilketa berriaren sistema. Arbizun dozena erdi batzar egin dira: konpostari buruzko bi eta auzo-konpostaren inguruko beste bi. Horrekin batera, Mank-eko buruak bitan izan dira Arbizun herritarrei zuzeneko azalpenak emateko. Horrekin batera, hondakinen inguruko erakusketa izan da. Horrek guztiak ekarri du hondakin bilketa egiteko sistema Arbizura egokitzeko proposamena, arbizuarrek babestu zutena. Arbizuren herri egitura eta herri lurrak kontuan hartuta, organikoak ez diren beste hondakinak jasotzeko zintzilikarioak etxe bakoitzean egon beharrean toki jakin batzuetan biltzea eta hura itxia izatea. EskaeraApirila hasieran 258 arbizuarren sinadura jasotzen zuen eskaera aurkeztu zen udalean Arbizuarrak Plataformak. Aurkeztutako idatzian "udalak inposatu nahi digun atez ateko sistema" ez dutela onartzen azaldu dute. Sinatzaileen iritziz "bilketa sistema berriak herritarrei kostu gehigarri izugarriak eta udalari inbertsioak egitea eskatzen die". Hondakin bilketa berriak "eragozpen gehiago, eta norberaren intimitatearen eta pribatutasunaren inbasio izugarria" ekarriko duela ziurtatu dute sinatzaileek. Hondakin organikoekin higiene eta ingurumen ondorioak izan ditzakeela uste dute plataforman. Haiek biogas platetan tratatzea proposatu dute, hala konpostatze prozesuan sortzen den eta negutegi efektua sortzen duen metanoa lokalki argindar bihurtzeko baliatuko bailitzateke. Atez ateko sistema herriaren estetikaren kontrakoa dela ziurtatzen du plataformak.Aldi berean, kexu dira udalak herritarrei ez dielako hondakinen bilketa sistemaren aukeraketan parte hartzen utzi. Mank-ek eta udalak "guztia oso azkar" egin dutela esan diete plataformatik, "hiru hilabete eskasetan egin dute kanpaina, nahiz eta herritarrei sistema berri bat azaltzeko urte asko zituzten". Eta gaineratu dute, "herriaren erabakitze eskubidea defendatu eta sistematikoki agintarien inposizioen kontra dagoen talde politikoa ez da esaten duenarekin koherente". Horregatik, plataformatik Arbizuko Udalari eskatu diote "gastua egiten hasi aurretik atez ateko bilketa sistema ezartzeko prozesua geldiarazteko". Aldi berean, sinatzaileek udalari eskatu diote 5. edukiontzia jartzea, "arbizuarren interesak defendatuz bilketa sistema ekonomikoagoa, ingurunearen aldekoagoa eta Europako araudiekin bat datorrena". Irañetan eta Ihabarren ezarri dela azaldu dute. Arbizuko Udalari ere eskatu diote edozein hondakin bilketa sistema berri ezarri aurretik "herritarrendako ulergarriak diren aurrekontu zehatzak eta ulergarriak aurkezteko". Sinadurekin batera aurkeztutako idatzia Sakanako Mankomunitateari eta Ingurumen Departamentuari jakinaraztea eskatu diote ere. ErantzunaUdaletik esan digutenez, sinatu ondoren hainbatek iritzia aldatu dute. Bestela ere, Udalak agiria sinatu zutenen etxeetara erantzun idatzia bidali zuen. Udaletik azaldu dietenez, udala Mank-en esku utzi zuen hondakinak biltzeko eta kudeatzeko eskumenak. Beraz, aurrekontu zehaztua eta bestelakoak hari eskatu behar zaizkiola gaineratu du. Egun %25 birziklatzen den sistema batetik %80 birziklatzera pasako den beste sistema bat ezarri nahi duela azaldu zuen. Bosgarren edukiontziarekin %35 besterik ez dela birziklatzen azaldu du udalak. Bestalde, udalak gogora ekarri du ezarriko den sistema bere osotasunean merkeago dela. Bere idatzian udalak dio bilketa sistema berriak pertsonen intimitatea eta pribazitatea ez duela erasotzen eta egungo legediak zaborrak edukiontzietan ikuskatzeko ahalmena ematen duela gogora ekarri du. Bestalde, udaletik ukatu egin dute konpostak higiene arazorik ekarriko duenik. Eta gogora ekarri du 24 ordutan hondakinak ateratzeko aukera ematen duela. Horrekin batera, alkatetzako taldeak bere hauteskunde programan bilketa sistema horren alde egin zutela gogoratu eta beraz koherentziaz jokatzen ari direla ziurtatu du. Sinatzaileei udalak adierazi dienez, hondakin bilketa sistema ezartzeko informazio kanpaina oraindik ez da bukatu eta sistema ezarri ondoren ere kanpainarekin jarraituko omen dute, sistema hobetu nahian. Horregatik, informazio gehiago nahi dutenei, udaletxetik edo Mank-ek jarritako informazio bulegoetatik pasa edo azken horren informazio telefonora hots egitea eskatu dute.