Arbizuren suntsipenaren memoria gogoratzeko, herri-kultura

Guaixe 2013ko ekainaren 13a

1813ko garagarrilaren 23an Napoleonen tropek Arbizuko 45 etxe, zeudenen erdia, erre zituzten. Efemeridea kontuan izanda, herri ekimena sortu da Arbizun, helburu bikoitza duena: gertaera izugarri haiek gogoraraztea; orduko arbizuarrek herri gisa bizirik irauteko eta berreraikitzeko nahia, elkarlana, gogoraraztea. Horregatik, urtean zehar hainbat ekimen egin dituzte. Atzo, gainera, gertakarien inguruan sortutako kultur uzta aurkeztu zuen ekimenak. Historia liburuxkaXabier Reparaz Estramiana historialariaren dokumentazio lanaren fruitu da. Bibliografiarekin batera Arbizuko Udaleko artxiboa izan da edan duen iturria. Artxiboan garai hartako nahikoa dokumentu daude, "nahikoa zehatzak kasu batzuetan" Reparazek zehaztu duenez. Ikerketa horren emaitzak jasotzen ditu liburuxkak. Garai hartako historia testuingurua, Arbizuko garaiko bizimodua, zer erre zen, zergatik erre zen, ahoz aho transmititutako kondairak eta istorioak ere jasotzen ditu. Liburuxkan jasotako datu guztiekin hilaren 22an erakusketa eginen da Arbizun. IpuinaCastillo Suarezek idatzi du Lorentxa ipuina. Reparazen ikerketan dago tropa frantsesengandik ihesi basoan ezkutatu ziren arbizuarren artean, batek erditu egin zuela eta Lizarragabengoan bataiatu zutena. Eta gertaera hori abiapuntu hartuta ondu du Suarezek ipuina. Soldadu frantziar bat agertzen dela, besterik ez du aurreratu idazleak. Egileak aitortu duenez, jaso duen enkargu zailena izan da, baina "ilusioarekin egiten diren eskaerei ezin zaie ezetz esan". Testuari irudia Cristina Fernandezek jarri dio eta "ohorea" izan dela adierazi du. Ilustratzaileak gertakari historiko batean oinarrituta den ipuin bat izatean zailtasunak opatu ditu: "ordukoa islatu behar baitzen". Baina arlo horretan Reparazen laguntza jaso du, esaterako, eliza ezberdina zelako. Teknikari dagokionez, akuarela eta tinta erabili ditu, gero ordenagailu bidezko ikutuak eman eta lana ontzeko. Fernandezek azaldu duenez, bizitoki hutsa baino zerbait gehiago da. Elkarlanean aurrera egiteko balio duela gaineratu zuen, horren adibide gisa herri ekimena bera jarriz. Elkarlan hori ipuineko azken marrazkian islatu nahi izan du. Liburua 8 eurotan egonen da salgai. Sua, elektro-sinfoniaDuela bi mendeko gertakarietan oinarrituta Pello Reparaz musikariak konposatu du obra. Musikaz lagunduta kontatzen du historia, garagarrilaren 22an antzeztuko den ikuskizun baten soinu banda denak. Musikariak azaldu duenez, Sua, berpiztearen elektro-sinfoniak sarrera eta lau mugimendu ditu. Sarreran, ikuskizunean uneoro gertatuko dena azalduko du. Ikuskizuna 1. mugimenduarekin hasiko da, Ihesa. Napoleonen tropen etorrera eta arbizuarren basorako ihesa islatzen du. Danborrekin eta metalezko tresnekin aire martzialak nabarmendu ditu egileak, herria irudikatzen duen piano jostari batekin kontrajarria. 2. mugimenduan, Sua, herritarrak basoan daude eta frantziarrak herrian, suntsitzen. "Mugimendu tentsua da, iluna berez" argitu du Vendettako musikariak. Metalek, biolinak eta bestelako tresnek azpimarratua dator pasartea, arbizuarrek bizitako dramaren adierazle. 3. mugimendua, Dolua, arbizuarren sentimendu ilun hori islatzen da. Erretako etxe bakoitzeko emakume bana aterako da, kandela bana eskuan. "Erretako 45 etxe horiei omenaldia eginen zaie". Ondoa jota dagoen herriaren isla den musika ilunari ziurrenik arbizuarren hileak laztuko dituen 45 etxeen izenak errezitatzen dira pasarte horretan, dramatismoa areagotuz. 4. mugimendua, Berpiztea, herritarren itzulera, batasuna, elkartasuna eta herriaren berreraikitzea irudikatzen da, "kutsu sentimental hori bai musikalki bai ikuskizunean islatuz". Horretarako orduko arbizuarren lan epikoa azpimarratzen duen crescendo bat erabili du egileak. Haurretatik hasi eta helduek segituz, herriak behin eta berriz errepikatuko duten leloa kantatuz: Herriko eskubekin sortutako denak sekula santan galduko biziya. Denon ihesak ekarriko inderra zerotik hasteko sortzen herriya. Danbor doinuen determinazio hori nabarmentzen dute. Pello Reparazek azaldu duenez, sinfoniak kutsu elektronikoa dauka. "Ikuskizunaren zati ezberdinetan hainbat gauza lantzen dira. Garai bateko kontuak badira ere, zati artistikoari dagokionez nahiko aktuala da". Musikarekin batera antzeztuko duen ikuskizunaz musikariak azaldu du indar handikoa dela. Hilaren 22an pertsonek parte hartuko dute antzezpenean. Ikuskizuna 4. mugimenduarekin bukatuko da. Baina diskoaren akaberan agertzen den gehigarria, Ospakizunaren koda, Maria Lonbreen zaldiyan zoramena, ez da ikuskizunarekin bat etortzen.  Diskoa eta historia liburuxka 13 eurotan elkarrekin salduko dira. FitxaKonposizioa, nahasketa, ekoizpena eta moldaketak: Pello ReparazMusikariak: Amaia Razkin (biolina), Oihana Razkin (ahotsa), Xabier Garziandia (ahotsa), Ane Berastegi (ahotsa), Migel Anjel Reparaz (ahotsa), Ruben Anton (tronpeta), Jon Iriarte (perkusioa), Ander Garzia (perkusioa), Joanes Satrustegi (perkusioa), Nekane Garzia (perkusioa), Mikel Reparaz (sarrerako eta 3. mugimenduko narratzailea) eta Pello Reparaz (tronboia, pianoa, bateria, gitarra, sintetizatzailea eta programazioak).