Arretxe: biziraupenaren muga sinbolizatzen du izenburuak

Guaixe 2013ko eka. 18a, 18:50

Jon Arretxek Beleixe Irratian (FM 107,3) aitortu du oso pozik dagoela liburuak izan duen harrerarekin. "Liburuaren inguruko industria oso gaizki dago eta une honetan liburu bat ateratzea eta jendeari gustatzea, oso ondo saltzea, eskaintza asko eskatzea hori pozgarria da, benetan, eta ni oso pozik nago". Aurreko 19 kamera bezala, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du aldi berean. Gaztelaniarako itzultzailea eta azalaren egilea Cristina Fernandez izan da.

Atzera ere, Toure da protagonista eta Bilboko San Frantzisko auzoan, "ghetto izugarri horretan", kokatzen da istorioa, baina ez dena. Eta, berriro ere, zenbaki batez eta hitz batez osatutako titulua. "Argi nuen. Esanahiaz aparte musikalitatea ere inportantea da. Eta ikusgarria ere bada. Hurrengoa ere halako zerbait izanen da".

Izenburuko 612 euro horiek EAEko baliabide gutxien duen jendeak, nola edo hala bizirauteko, erakundeetatik jasotzen duten soldata txikia da. "Izenburuak biziraupenaren muga sinbolizatzen du. Behartsu asko dabil horren atzetik, aurrera egiteko. Baldintza batzuk bete behar dira. Egoera txarrenean bizi diren etorkinak dira eta diru kopuru hori oso garrantzitsua da. Eta ez da pentsatzen den bezain erraza diru hori jasotzea". Arretxek salatu duenez, aurreiritzi zabaldua da kanpotik etorritakoek nahiago dutela laguntza jaso soldata bat kobratzea baino. "Tourek, protagonistak ez du jasotzen, ez da hain erraza jasotzea eta ez du soldata bat kobratu".

Eleberriaz

Arretxek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan du berea umorezko nobela beltza dela. "Nobela beltzetan kritika soziala beti osagarri bat da. Oraingoan nahiz eta kritika sozial hori oso agerian utzi nahi ez, ezinbestean agertzen da". Azkar batean irakurtzen den liburua da Arretxerena: "nobela beltzak idazten ditudanean erritmoa da, dudarik gabe, garrantzitsuena. Nobela beltz batek irakurlea harrapatu behar du eta aurrera-aurrera egin behar du". Irakurle askok irakurtzean sentitu dutena aitortu du egileak: "nik liburuak filmak balira bezala imajinatzen ditut".

Mamiari dagokionez, Tourek ustezko anai baten bisita jasotzen du, aldean 6 urteko umea duela. "Afrikarrak oso ospitalarioak dira. Hori lege sakratu bat da. Senide bat etxe aurrean agertzen bazaizu ezin duzu kalean utzi. Gero gerokoak. Afrikarrendako geroa ez da existitzen". Baina erabaki horren ondorioz ederra liatuko dio ustezko anai horrek eta hor korapilatuko da dena: hilketa, lapurreta, heriotza, droga, sexua, kamera, yonkiak, polizia, sasiabokatuak...

Beleixe Irratian (FM 107,3) hala definitu du Arretxek Toureren ustezko anaia: jeta hutsa da eta umea lapurretak egiteko aprobetxatzen duena. "Hor kontrasteak bilatu behar dira beti, Garan umearen xamurtasuna eta beste gauza batzuen krudelkeriarekin. Kontraste horiek laguntzen dute nobela girotzen, eta hobeto funtzionatzen".

Eleberriko protagonistak edozein lan hartzen du bizirauteko, zezensuzkoarena, buruhandiarena. Arretxek aitortu du bi ideia horiek Arbizuko eta Etxarri Aranazko festetatik hartu dituela. Toureren filosofia baita "dena diruaren alde. Egin behar duena eginen du bizirauteko. Utzi aurreiritziak alde batera eta aurrera egin, ez dago beste erremediorik. Eta krisi garaian gehiago".

Eleberrian bada hilketa "bortitz" bat, nobela orokorrean hain gordina ez bada ere. Arretxek azaldu duenez, "eszena hori halakoa izatea nahi nuen. Norbait hiltzen baduzu ongi hil behar duzulako. Modu zirraragarrian, irakurleak esateko, uii".Akabera irekia daAukera horrekin " inpunitatearen ideia" eman nahi du Arretxek. "Segun zeinek zein hiltzen duen, jakinen da, ez da jakinen. Salatuko da edo ez. Zer edo zer larria  gertatuko da, edo ez. Hori da errealitate krudela". Eta adibide gisa berriki Bilbon hil dituzten emakume nigeriarra eta kolonbiarra jarri ditu. "Norbaitek ikusi eta Ertzaintzak harrapatu zuelako, bestela emakume hori desagertuko zen eta ez zen inor enteratuko. Zergatik, neska horiek babesik gabe daudelako". 

Inpunitatearen ideia hori etorkinak engainatzen ari diren sasi-abokatu askoren gainean jarri du. "Zuk eman 2.000 euro eta nik lortuko dizkizut paperak. 2.000 euro horiek gorde, ez dute paperik lortzen eta zeinek salatuko du hori. Etorkinak ez dira ausartzen paperik ez dutelako". Patera pisuen jabeek ere halakoak egiten dituztela esan du Arretxek. "Gelako 300 euro kobratzen da. Eurei berdin zaie 20-25 pertsona sartzea, diru gehiago kobratuko dute. Horren erruz sortzen diren arazoak: oihuak, negarrak, borrokak... Eta nagusiak gu bezain euskaldunak dira askotan".

Egilea pertsonaiaz

Bueltan da Toure, 19 kamerako detektibe berezia. Bilboko San Frantzisko auzoko afrikarrek errespetatu egiten dute pentsatuz benetako azti igarle boteretsua dela. Botere boteretsuak dauzkala, gezurra da, badakigu, eta berak ere badaki. Emakume txuriendako desiragarria da, gizon galanta da eta gustatzen zaie bere gorputza eta batzuk horretaz aprobetxatu nahi izaten dute.

Eta poliziek begiz jota daukate muturra gehiegi sartu zuelako behar ez zen tokian. Beti mehatxupean dago, lortzeko ahaleginak egiten ari bada ere, oraindik paperik ez duelako. Babesik gabe dago. Poliziak nahi duenean harrapatu eta bota dezake. Jendeari Toure sinpatikoa zaio.

19 kamera irakurri duten askok esaten didate estimatzen dutela bere akats guztiekin. Gizon positiboa da, miserian bizi bada ere, paperik gabea... Bera oso praktikoa da. Oso afrikarra zentzu horretan. Ohituta dago egoera larrietan bizitzen eta aurrera ateratzeko prostituitu egin behar badu egiten du; edo gigoloarena edo sasi kantariarena... Dirua ematen didaten bitartean, ni aurrera.

Sormena tokian

Arretxe berriro bueltatu da gertaerak jazotzen diren auzora liburua idaztera. Idazleak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, "distantziatik idaztea oso arriskutsua da. Nahiz eta urte bat pasatu bakarrik aurreko nobelatik gauzak askotan asko aldatzen dira. Gaurkotu egin behar duzu informazioa eta komentatzen diren gauzak: arraza bakoitzeko prostitutak non ibiltzen diren... Orain 21 kamera daude".

Aurrekoa idazteko ia urte bat egon zen salgai zegoen lagun baten lagunaren pisuan: 43 zenbakiko, 2. eskuina. Hura saldu eta ezkerreko ateko bizilagunak idazteko etxea utzi zion, liburu-saltzailea da Urretxindorran. "Elkarte asko daude eta nik hango arduradun guztiak ezagutzen ditut. Nire poteoko koadrila da auzoan. Asko ikasten dut eurekin, pertsona moduan eta idazle moduan". Arretxe San Frantziskon ezaguna da gaur egun, "Hasieran saiatu nintzen inor ez zedila nitaz ohartu. Parakaidista gisa agertu eta jendeak mesfidati begiratzen zidan, ohartzen nintzen".

Auzoa liburuan agertzen den modukoa den azalduta idazleak Beleixe Irratian esan du tristea iruditzen zaiola gure hiri eta herri askotan ezer ez gertatzea. "Aspergarriak dira, ez daude bizirik. San Frantzisko bizi bizirik dago. Imajinatu ditzakezun gauza txar guztiak edo behintzat oso eredugarriak ez direnak ditu. Ni ez nintzateke nire umearekin bizitzera joanen, adibidez. Nagusi edo idazle moduan bai. Gauzak gertatzen dira, onak eta txarrak".

Hala ere, auzoan dagoen gizarte mugimendua handia nabarmendu du. "Jende pilo dago eguneroko lanean, boluntario edo oso soldata txikien truke auzoa hobetzeko, kanpotarrak integratzeko, prostitutei laguntzeko, drogaren menpekoei pixka bat lagundu..."Liburuaren arloazKrisi garaian gaude, mundu guztia dago negarrez, liburugintzan argitaletxeak desagertzen ari dira, beste batzuk oso larri daude, liburu-dendetan kexatu egiten dira apenas saltzen dutelako libururik. Krisi garaian nondik kendu gastua. Ba literatur zaleak direnak, erosi beharrean hor dituzte liburutegiak. Liburu elektronikoa ere badago, normalean ordaintzen ez dena pirateatu egiten delako.