Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Biharko, larunbata, frantsesek herri erdia duela bi mende erre zutela gogoratzeko egitaraua prestatu daGerra baten ondorioak ez dira inoiz xamurrak eta hala probatu ahal izan zuten 1813ko garagarrilaren 23an arbizuarrek. Frantsesek su eman zioten haien etxeen erdiei, 45i. Eta guztia basotik ikusi zuten. Hango borda eta artzain txaboletan babestu baitzituzten euren ondasun apurrak eta bizitza. Arbizun utzitako arrasto hori gogora ekartzeko bihar egitarau zabala dute. Monika Etxeberria 1813-2013 herri ekimeneko kideak azaldu duenez, "joan zen urte akaberan arbizuar batzuk elkartu ziren eta pentsatu zuten merezi zuela gogoraraztea 1813an Arbizuk bizi izandakoa. Bilera batzuk egin ondoren batzorde bat sortu zen, gerora herri ekimena bihurtu dena". Zerbait aurrera ateratzeko aukera ikusi zuten.Hasieratik bi gauza garbi izan zituzten. Batetik, egiaz 1813ko garagarrilaren 23an zer gertatu zen jakin beharra zegoela, arbizuarren artean benetako interesa zegoelako. Xabier Reparaz historialaria izan da udaleko eta elizako artxiboak arakatu dituenak, bibliografia aztertzearekin batera. Reparazek azaldu duenez, artxiboetan "garai hartako nahiko dokumentu badaude, zehatzak kasu batzuetan". Bestetik, ez zuten ospakizun handi bat egin nahi, garaipen militar baten, porrot baten edo ekintza heroikoren batena. Etxeberriak zehaztu duenez, halakorik ez zen izan. "Benetan izan zena izan zen herri baten gogoa bizirik irauteko eta berreraikitzeko. Herritar batzuen elkarlana aurrera egiteko. Hori zen benetan gogoratu nahi genuena eta omenaldia egin gure arbasoei" . Etxeberriak gaineratu du prestatu duten ikuskaria "azken finean, gerraren nolabaiteko salaketa bihurtzen da. Gerrak populazio zibilari ekartzen dizkion sufrimendua eta arazoak". IkuskizunaArbizu 1813-2013 herri ekimenekoek ikuskizun bat sortzea zuten buruan, baina gauza xumea eta ahalik arbizuarrik gehienek parte hartzea nahi zuten. Testu gutxiko ikuskizuna ondu dute. Ikuskizunaren kantu izan behar zuena soinu banda bihurtu da azkenik. Pello Reparazek Sua, berpiztearen elektro-sinfonia sortu du. Musikariak azaldu duenez, "indar handiko ikuskizuna da. Orduan herri honek izandako batasuna islatzen da, baita gaur egun duena ere". Lau mugimendu ditu ikuskizunak. Aurrenekoan, Ihesa, tropen etorrera eta arbizuarren ihesa antzeztuko da. Bigarrenean, Sua, frantsesek herria hartu eta hura suntsituko dute. Hirugarrena, Dolua, arbizuarren sentimendua islatzen du. Une horretan erretako etxe bakoitzeko emakume bana aterako da, kandela bana eskutan. Eta azken mugimendua, Berpiztea, basotik buelta eta herritarren arteko elkartasun sentimendua adierazten du. Herria berriz berreraikitzearen irudikapena da. Sua eta argia ikuskizunaren zati garrantzitsua izanen dira. Ikuskariaren erdigunea dorretxearen aurreko aldea izanen da, Nagusia eta Fernando Urkiak kaleak batzen den tokia. Katrin Ginea zinegotziak azaldu duenez, 200 pertsonak parte hartuko dute ikuskizunean. Gineak azaldu duenez, "jende guztiak hasieratik baiezkoa eman du, jendea gogoz dabil, bai egunean parte hartzeko bai aurretik lan egiteko ere". Emakume talde bat arropak josten aritu da, maskarak egin ditu beste talde batek, egitura bat margotzen ari direnak... "Lan handia dauka eta jendea borondatez ari da", esan du Gineak. Ondoko herrietako laguntza izan dute. Lakuntzako Pertza elkartekoek danborrak utzi dizkiete. Emausko trapuketariek deabruek eta danborreroek erabiliko dituzten txaketa guztiak utzi dituzte. Etxarriarrek muntaian eta lagunduko dute egunean. Bakaikuko Kikek zaldiak eta astoak ekarriko ditu. Guztiei eskerrak eman dizkiete. Gastuak estaltzeko, pin, metxero eta kamixetak saltzeko atera dituzte. Horrekin batera, zozketak ere egin dituzte. Gainera, historia liburua, elektro-sinfoniaren cd-a eta haurrendako ipuina argitaratu dituzte. Historia gertakariak 1813an Europa guztia gerran zegoen. Napoleonen inperioak Europa osoa kontrolatzen zuen eta bere aurrean zion bakarra Britaina Handia zen. Ezin dio lurrez aurre egin, baina bai itsasoz. Aurreko urtean Napoleon Errusia inbaditzen saiatu zen. Horretarako penintsulatik tropa gehienak atera zituen. Horri esker, ingelesak espainiar eta portugaldarren laguntzaz, lortu zuten tropekin, hilabetez, Gasteizeraino gerturatzea. Gasteizko bataila frantsesek galdu egin zuten. Han zegoen Jose Bonaparte, Napoleonen anaia eta Espainiako errege izendatu zuena. 80.000 soldadu frantziar ihesean atera ziren eta ihes horretan ez zeukaten inolako intendentziarik ez ezer. Bidean aurkitu zituzten herrixka, herri edo aterpeak, elikagai guztiak suntsitu zituzten, atzetik zituzten ingelesei ezer ez uzteko. Bide horretan zegoen Arbizu eta arbizuarrek zetorkiena ikusi zutenean basora ihes egin zuten. Frantsesek su eman zioten herriari eta 45 etxe erre ziren, herriaren erdia. Arbizuarrek basotik ikusi zuten suntsiketa. Egunetan egon ziren basoan, ondoren ingelesak, portugaldarrak eta espainiarrak pasa zirelako. Herrira bueltatu zirenean, aipagarria da, biztanleen erdiak, familien erdiak beste erdia beren etxeetan hartu zituela. Elkartasun horri esker biziraun zuen Arbizuk ahal izan zuen moduan. Frantses okupazioak iraun zuen lau urteetan zor handiak hartu zituzten herritarrek tropak mantendu behar zituztelako. Zor horiek izanda ere lagundu zieten erkideei etxeak berreraikitzen, etxean izan zituzten urtetan. 1827an badakigu oraindik etxe erdiak berreraiki gabe zeudela. Historialariak egindako ikerketa txosten batean argitaratu da. Baina arbizuarren artean informazioa zabaltzeko aurretik udaletxean eta Argibidea gazte elkartean hitzaldi bana egin da eta frantsesen suntsiketak herrian izan zituen ondorioak ezagutzeko Arbizun barnako bisita gidatua egin zen.Egitaraua10:00etan Txistularien kalejira. 11:00etatik 13:00etara Erakusketa. Garaiko jantziak, frantsesen sable bat, balezta... 12:00etan Altxorraren bila. Haurrendako jolasa garaiko galderekin. 12:30ean Aatea, garai hartako produktuekin. 13:00etan Kamisibai edo ipuin kontalaria. 13:30ean Arbizuko abesbatza. Jose Leitzak idatzitako bertsoak eta beste abesti batzuk kantatuko dituzte. 15:00etan Herri bazkaria.22:30ean Ikuskizuna.