4x4 erresistentzia triala, estreinekoz, Arbizun

Guaixe 2013ko ekainaren 28a

Sakana 4x4 taldeak 4x4 edo trial probak antolatu ohi izan ditu urtero Arbizuko festetan. Aurten, aldiz, nobedade batekin datoz: 4x4 erresistentzia triala. "Galizia aldean antolatu izan da, baina Euskal Herrian Arbizun lehendabiziko aldiz ikusi ahal izango da, bihar. Erresistentzia proba izango da, lasterketa. Orain arte ikusitakoarekin alderatuta entretenigarriagoa iruditzen zaigu" adierazi digu Sakana 4x4ko Jose Luis Lakuntza "Risitas"-ek.Lasterketa ikusgarriaArbizuko industrialdean gauzatuko da lasterketa, bihar, larunbatean, 16:30ean hasita. 20 pilotuk eman dute izena. Lauzpabost gune ezberdin prestatu beharrean, antolakuntzak 800 metro inguruko zirkuitu bat prestatu du, zuloz, aldapaz eta zailtasunez beteta, zabalagoa, autoek aurreratzeak egin ahal izateko. "Aldiko 3 todoterreno aterako dira, eta 15 minututan nork buelta gehiago egiten dituen neurtuko dugu. Auto bakoitzak 2 manga jokatuko ditu, eta denbora onena egiten duena azkeneko mangarako sailkatuko da. Azkeneko mangarako 6 kotxe azkarrenak sailkatuko dira eta ordu laurden batean denbora onena egiten duena izango da txapelduna" azaldu digu Risitasek. Lau sakandarEz dago zalantzarik formatu berri honek zeresana emango duela. "Politta izango da. Orain arteko probetan auto bakoitzaren lana kronometratzen zen eta autoek arazoak izanez gero, ikusleek denbora asko pasatzen zuten zain. Orain dena azkarrago izango da, entretenituagoa, eta denbora guztian autoak lehian ikusteko aukera izango da" gaineratu du Sakana 4x4koak. Sakanako lau pilotuk eman dute izena: Iñigo Zelaia bakaikoarrak, Josu urdiaindarrak, eta Iñaki eta Migel Angel dorrobarrek. Risitas bera zirkuitua probatzeko irrikitan dago, kotxe berria prestatu duelako, baina lehiaketaz kanpo aterako da, antolatzaileak ezin baitira lehiatu. "Lasterka honetan todoterreno hobea izateak baino garrantzi handiagoa izango du pilotuaren trebetasunak. Autoa nola mugitzen duen, bihurguneak nola hartzen dituen, aldapak nola igo... horrek erabakiko du" aipatu du Risitasek, bihar Arbizuko ikuskizunaz gozatzera hurbiltzeko gonbitea eginez.