Herri baten aurrera egiteko borondatea

Guaixe 2013ko ekainaren 26a

Horixe antzeztu zen larunbatean Arbizun. Duela bi mendeko gertakariak gogoratuz, baina gaur egungo nahia ere islatuz. Hori erakutsi baitute makina bat arbizuarrek larunbateko ikuskaria aurrera ateratzerakoan eta haien herriko historiaz interesa azaltzerakoan. Ihesean joaten ziren Frantziako tropek herri erdia erre zuten eta gertaera hori gogoratzeko prestatu zen gau-ikuskizuna. Eta, jakina, sua, suziak eta bengalak izan zen elementuetako bat; suntsipenaren eta birsortzearen elementu bihurtu zen. Argia izan zen beste elementu bat; hainbat une azpimarratzeko balio izan zuena. Eta, musika, Pello Reparaz musikariak konposatutako Sua, elektro-sinfonia izan zen emanaldiaren ardatza; hainbat unetan danbor hotsez zirraragarriagoa bihurtu zena.  IkuskariaNapoleonen tropen etorrerarekin eta arbizuarren basorako ihesarekin hasi zen dena. Aire martzialak nagusitu ziren. Sua nabarmendu zen gero, soldaduek herriari su eman ziotelako gauaren iluntasunean. Dolua azaltzeko garaian, erretako etxe bakoitzaren izenak errezitatu ziren. Aldi berean, emakume bana atera zen kandela bana, esperantzaren sua, eskuan zutela. Su hori emanaldiaren akaberan piztu zen, herritarren itzulera, batasuna, elkartasuna eta herriaren berreraikitzea irudikatzean.