Fran Balda aske

Guaixe 2013ko urr. 3a, 18:20

Gaur 15:00ak aldera utzi du Espainiako Auzitegi Nazionala Fran Balda Arañak. Eloy Velasco epailearen aurrean leporatzen zaizkion delitu guztiak ukatu egin ditu arbizuarrak. Baita berarekin batera atxilotutako 17ek ere. Epaileak karguak mantendu ditu: "talde terroristako kide izatea, goratzea eta finantzatzea". Aske utzi du, hainbat baldintzekin: hamabostero joan beharko dute sinatzera, Espainiatik ezingo dute atera, pasaportea kendu die, eta presoekin zerikusia duten ekitaldietan ezingo dute parte hartu. Miguel Angel Carballo fiskalak baldintzarik gabeko espetxe zigorra eskatu du.

Epaileak Herrira mugimenduaren jarduera osoa debekatu du. Haren egoitzak bi urterako ixtea ere agindu du Velascok. Hainbat twitter kontu eta web orri itxi dira epailearen aginduz, baita banku kontuak blokeatu ere.

Ziegan
Baldarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Arbizuarrak jakinarazi digunez astelehenean, 10:10 aldera atxilotu zuten Arribe eta Lizartza artean. "Bost auto gainera etorri zitzaizkidan eta 15-20 bat Guardia Civil atera ziren. Inguruko industrialde batera eraman ninduten eta han miaketa egin zuten". Hasieran esposak gogor lotu zizkioten baina gerora hura ere lasatu zioten. Zuzenean Iruñeko komandatziara eraman zuten eta handik Madrilera.

Bera izan zen Madrilgo Tres Cantosko Guardia Civilaren komandantziako ziegan sartu zuten lehena. "Denbora guztian argi handi bat piztuta zegoen eta ez nekien noiz zen eguna eta noiz gaua. Ziegan sartzen zirenean kaputxarekin sartzen ziren, tentetu eta paretaren kontra jarri beharra nuen. Garraxiak... Beste modu bat da, baina eragiten dute". Guardia Civilen jarrera batzuk berdin segitzen duela azaldu digu arbizuarrak. Hartu beharreko botikak hartu ditu atxiloaldian.

Poliki-poliki inguruko ziegak betetzen zirela ohartzen joan zen. Atxilotutako 18ak, bakoitza ziega batean zegoela konturatu ziren. "Kide gehiago izatean eta tratua erabat gaiztoa ez izatean" lasaitu egin ziren.

Galdera
Orduan hasi zitzaizkien atxilotuei galderak sortzen, "Herriraren harremana hain argia izatean zergatik jo dute?" Gaur arratsaldean, beste batzuk jarritako fidantzetarako dirua lortzeko modua aztertzen ari direnean eta epailearen aurretik lau atxilotu pasatzeko zain dagoela Baldak esan digu garbi dagoela sarekada Herriraren jarduna eteteko egin dela. "Euskal Herriko gizartearen zentralidadeari bidea ematen dio Herrirak egiten duen lanak. Euskal presoen eskubideen alde dago gizartea. Sobra ere, gizartearen mobilizazioak eta kontzientziatzeak mina egiten die".

Euskal herritarren gehiengoak presoen eskubideak murriztea ez duela begi onez ikusten eta sufrikario guztiak bukatu eta presoak lehenbailehen etxean nahi dituztela nabarmendu du. Azkenik, atxilotuak egon diren egunetan mobilizatu diren guztiei eta familiei eskerrak eman dizkie Baldak.