Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bere anaia Felixekin Martires de una esperanza. República, Guerra y Represión en Pedro Abab (Egileen edizioa, 2009) liburua argitaratu zuen Juan Manuelek. Kordobako sorterrian errepublika garaian eta aurreko eta ondorengo urteetan jazotako gertaerak jaso zituzten liburu hartan. Anaiek jasotako dokumentazioaren artean Rafael Canalejo Ruiz gerrillariari buruzko espedientea zegoen. Hura, eta informazio gehiago hartuta, idazle arbizuarrak Canalejori buruzko nobela idatzi du: Yo, el guerrillero (Palibiro, 2013).Nobela historikoa edo historia nobelatu horretan Adan Gaitanek ia zinematografikoki garai haiek ekartzen ditu, gerrillariaren beraren eta bere gertukoen ahotsen bidez, baita orduko testuak eta agiriak gehituz ere. Hala, garai hartako giroaren berri jasoko du irakurleak. LiburuazAdan Gaitanek liburuan Canalejo gerrillariaren bizia kontatzen du: nola sartu zen gerrillan, hura nola zegoen antolatuta, nolakoa zen, gerrillarien bizimodua, nolakoak ziren haiei laguntza ematen zieten pertsonak, nolakoa zen jende arruntaren bizimodua. Garai hartako gauza guztiak. Protagonista gerrillaria zenez eta etengabe batetik bestera mugitzen zenez, hark begi aurrean izan zuena jaso behar izan zuen idazleak. Horretarako Kordobara zubietan eta Aste Santuetako oporretan joan da, "zein lore, landare, arbolak, usainak, euria egiten zuenean, txaboletan bizi zirenak... guztia kontatzeko". Beleixe Irratian (FM 107,3) aurreratu du eguberrietan asteren bat joanen dela Kordobara eta Sevillara, aurkezpenen bat egiteko. Baina denetarako tartea hartzea espero du.HarrerazJose Manuel Beleixe Irratian (FM 107,3) izan da eta esan duenez, "Ni irakurzalea naiz. Hego Ameriketako idazleak gustatzen zaizkit. Harako joera dudala uste dut. Gauzak hotzean eman gabe, joaten utzi". Idaztea zaletasuna duela gogorarazi du, egunero fabrikara joan behar duela. Baina kritiko handiena, emaztea, liburua guztiz harrapatu zuela esan du Sakanako irrati euskaldunean: "Jendeari, orokorrean, gustatuz zaio. Batzuei nobela historikoa delako. Besteei emakumea asko azaltzen delako. Batek liburua edozein idazle profesionalen parekoa zela esan zidan". Egilea pozik dago Artxibo Historikoko zuzendariak esan ziolako: "gerrilla Kordoban zer izan den jakiteko ezinbesteko liburua da".Nola eskuratuSakanako liburu-dendetan egonen da eskuragarri liburua. Bestela, egileak bere izena edo izenburua Interneteko bilatzaileetan jarri eta erosteko hainbat leku agertuko zaizkiola azaldu du. "Profesionalak ez garenak ez daukagu argitaletxe baten babesik eta zaila izaten da zabaltzea. Hala ere, mundu guztiak Internet poltsikoan dauka. Herri txiki batean bazaude ez duzu Iruñera joan beharrik liburura lortzeko. Internet bidez etxera iristen zaizu" gaineratu du.Hurrengoa prestatzenGerra eta ondorengo garaiak baztertu eta beste gauzaren bat egin nahi zuenez, "Kaligularen bat" idatziko du arbizuarrak: "bizioa, drogak eta ustelkeria" azaltzen direnak. Adan Gaitanek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez, hasia da drogak, lapurretak eta sexu kontuak biltzen dituen eleberria idazten. "Egiazko gertaeretan oinarrituta. Sakanako jendeak ere egiten zituen halakoak. Iruñean kokatuko da". Ezagun zituen hainbat jendek egindakoak protagonista bakar batek eginen ditu. Idazleak aitortu duenez, "lasai hartuko dut, presarik gabe. Honek ikerketa lanik ez duenez, azkarrago sortuko dudala espero dut". Juan Manuel Adan GaitanBerriro datu historikoen bila joan zara. Zergatik Pedro Abadera, zure sorlekura? Lehen liburua egin genuenean Rafael Canalejo Ruizen espedientea aurkitu genuen. Herriko mutiko gazte bat zen, mendira maki moduan joan zena. Ikerketa egiten segitu nuen eta artxibo militarrean beste bi espediente aurkitu nituen. Datu horiek, bere arrebari egindako elkarrizketak, eta jende gehiagoren adierazpenekin gerrillariari buruzko informazio gehiago lortu nuen. Ez da erraza izanen, ez?Oso zaila da. Baina aurkitu nituen espedienteetako datuak ere ez ziren oso argiak. Pertsonek baieztatzen dituzte aurkitu dituzunak, edo jartzen ez duena esaten dizute eta horrela osatzen da informazioa. Zer kontatzen da espedienteetan?Haietan Guardia Civilaren kuartelean atera zituzten gauzak agertzen dira. Sarritan gezurrak ziren. Zuk prozesu zientifiko bat segitu behar duzu zer den egia eta zer ez jakiteko. Espedienteak Guardia Civilek eta epaileek egiten zituzten. Arreba bizirik dago?Bai, 97ren bueltan dago Ana. Duela lau urte egon nintzen berarekin. Liburuan ateratzen direnaz gain gauza gehiago kontatu zizkidan, kokatzeko. Hasieran ez zekien nondik hasi. Bere lagun min batekin joan nintzen eta hark esan zion: kontaidazu zer edo zer. Zerbait aterako zaizu eta. Hasi zen hizketan eta ez zuen bukatu. Nor zen Canalejo? Eta zer garai deskribatzen diguzu?Lur gabeko nekazari bat zen. Andaluzian hori arrunta zen eta hala da oraindik ere. 11 urte zituen errepublika aldarrikatu zenean. 16 gerra hasi zenean. Bera gerrara boluntario joan zen. Kordobako frentean egon zen. Teruel aldean ere aritu zen, Ebroko gatazkan zauritu zuten. Besoa txikitu zion. Gizon kozkorra. Emakumeendako polita zen. Altua eta erakargarria. Gerra akabatzean jendea bere herrira itzuli zen. Bere koinatua eta hiru lehengusu fusilatu zituzten. Bere aitarekin ere zer edo zer izan zen. Pedro Abad garai hartan bizitzeko oso herri gogorra izan zen. Teniente militar batek ezagun bati esan zion ez zuela halako herri gaiztoa ezagutu. Eskuindarrez ari zen. Han gehienak nekazari lurjabeak zirenez, jipoiak arruntak ziren. Kale erdian, ikuskizun moduan, jendea jipoituta hil zuten. Aurreko liburuan dokumentuen babesaz kontatu nuen, orain eleberrian ateratzen dut. Bueltan iristen ziren guztien ikerketa politikoa egiten zuten Pedro Abadeko eskuindarrek eta Canalejoren atzetik joan ziren. Kartzelara lau urtez sartu zuten, eta ez baldintzarik onenetan. Irten zenean, aldamen eskuindarren alabak Guardia Civila bere bila zetorrela gaztigatu zuen. Ordurako Canalejok pentsatua zuen zer egin. Kontaktu baten bila joan zen eta gerrillan sartu zen. Kartzelako bizitza, pasatzea eta egin zituzten ekintza anitz kontatzen dira liburuan. Zer zen gerrilla?Hasieran gerrilla makiak ziren. Herrira itzuliz gero faxistek hilko zituztenak osatzen zuten. Mendian horregatik gelditzen ziren. II. Mundu Gerra bukatu ondoren Tolosan (Frantzia) zeuden alderdiek eta sindikatuek frente politikoa eta militarra antolatu zuten. Espainia barruan zegoen frente militar bakarra makiak ziren. Frantziatik makiak talde militarrak bihurtzeko buruzagi militarrak bidali zituzten. Kordobako kasuan Andaluziako 3. talde gerrillaria zen. Bi dibisio zituen. Dibisioek batailoiak zituzten. Multzo txikienak gerrillak ziren, sei bat lagunek osatuak. Meategietara dinamita bila joaten ziren. Dirua lortzeko bahiketak egiten zituzten. Mendian asko mugitzen ziren. Ez zeuden nonbaiten finko kokatuta. Buru militarrak agian babes hobea zuen, baina asko mugitzen ziren Guardia Civilak non zeuden ez jakiteko. Familiak haren berri jakin zuen gero?Gehiago ez zuen ikusi arrebak. Herri ingurura itzuli zen, baina familiarengana ez zen sekula itzuli. Guardia Civilak gerrillarien familiaren kontra jotzen zuen: jipoiak, haien amak, emaztea edo alabak hil... Ateratzeak deitzen zieten. Gerrillariek ikusi gabe bazekiten. 1948an halakoak gertatu ziren. Noiz arte egon zen?1949ko abenduan Guardia Civilaren segada batean erori zen Canalejoren taldea. Haren bi lagun hil ziren. Canalejok ospa egin zuen eta Ciudad Real hegoalderatz jo zuen. Batez ere, alabaren helbidea opatu zuelako joan zen. Alaba gerrillari zegoela izan zuen. Denetarako denbora ere izan zelako bitarte hartan. Gutun bat bidali zion, bere azken egunak izanen zirenaren ziurtasunarekin. Etxean estalita zegoela salatu egin zuten. Gutuna alabaren familiari iritsi zitzaion, baina bera harrapatu zuten. Peña Roya eta Belmezko (Kordoba) Guardia Civilaren kuarteletan hiru hilabetez izan zuten. Egunero jipoiak ematen zizkioten. Kuartel aldamenean bizi zen pertsona batek esan zidan eguneroko jipoiak entzuten zituela. Hiru hilabeteren ondoren Peña Ladrones mendira atera zuten eta han Ihesaldi Legea aplikatu zioten (epaiketarik gabeko exekuzioa, atxilotuaren ihesaldia simulatu ondoren). Hala bukatu zen bere bizia.