Txistorraren gorazarrea

Guaixe 2013ko urriaren 11

Igandean, 10:00etatik aurrera, txistorraren hiriburu bihurtuko da Arbizu. Bosgarren aldiz Txistor eguna hartuko du herriak. Arbizun ekoizten den produktu horren erakusleiho ederra prestatu du udalak. Embutidos Arbizuk, Flores estekiak-ek, Laket artesanosek eta Razkin harategiak emandako 120 kilo dastatzeko aukera izanen da aurten. Pintxoa eta ardo ondua euro eta erdi ordainduta dastatu ahalko dira. Horretaz gain, kale nagusiak azoka hartuko du eta 30 postu egonen dira, gehienak jakiak saltzen. Txerriarekin zerikusia duten garai tailerrak ere izanen dira eta haietan garai batean txerrikia nola lantzen zen ikusteko aukera izanen da. Aurreko urteetan egin diren tripota, txistorra, xaboia eta lixiba, txantxigorri tailerrei aurten txerri hankak eta belarriak egosteko tailerra gehituko zaie. Haiek egosi, frijitu eta gero saldu eginen dira. Gainontzekoak borondatearen truke dastatzeko aukera izanen da. Buruhandiek erabiltzeko moduko birikak ere prestatuko dituzte. Hori guztia jolas parkearen inguruan izanen da. Handik gertu, elizako berdegunean, zotolan euskal txerriak ikusteko aukera izanen da. Pintxo lehiaketaTxistorra lehengai hartuta sukaldarien irudimena eta trebezia neurtzeko aukera eskaintzen du pintxo lehiaketak. Aldabide elkartean prestatu beharko dituzte lehiaketara aurkeztutako gutiziaren 5 ale. Haiek baloratuko dituen epaimahaiak gastronomian adituek osatzen dute: Adolfo Larraza (Olaberri jatetxea), Moises Leranoz (Bilboko Gran Donibaneko sukalde nagusia), Javier Diaz (Alhambrako sukalde nagusia), Pilar Idoate (Europa Jatetxea) eta Jesus Mari Astrain (Napardi eta gastronomi kofradien federazioen ohorezko kofradea). Jatetxe gehiago aurkezteko saria handitu egin du udalak eta 1.000 eurokoa izanen da. Egitaraua10:00etan Txistor egunaren hasiera eta azokaren irekiera.                  Herriko txistularien kalejira. 11:00etan Nafarroako trikitilariak (80).                  Aatea plazan. 11:30ean Pintxo lehiaketaren hasiera. 15:00etan Herri bazkaria. Alubi jatea. 18:00etan Nafarroako trikitilariak. 19:00etan Aatea. Herri bazkariaHelduek 16 euro ordaindu behar dituzte txartelagatik eta haurrek 9. Menua: babarrunak sakramentu guztiekin. Egunean bertan erosi litezke txartelak.