Testua eta argazkiak: Erkuden Ruiz BarrosoTxerria oso preziatua izan da baserritako ekonomian, izan ere, dena aprobetxatzen da. Arbizun ongi dakite eta horregatik txerria da txistor eguneko protagonista: zotolan txerria ikusteko aukera zegoen eta animalia horretatik lortzen diren hainbat produktu nola egiten diren ikusi ahal zen. Arbizuko txistorra munduan lortu duen oihartzunaren irudia ikusi daiteke txistor egunean: ehunka bisitari hartu zituen herriak. Pintxo lehiaketara zazpi pintxo aurkeztu ziren, inoiz baino gehiago, eta saria ere handiena zen: 1000 euro. Txistorraz gain hainbat produktu erosteko aukera izan zen 32 postuetan. Udalak 150 kilo txistor banatu zituen, ardoarekin lagunduta, 1,5 euroren truke. Trikitilariek musika jarri zuten eta txerriak ematen dituen hainbat produkturen emaitzak ikusteko aukera izan zen ere. "Etxean egiten genituen guk", esaten zuten askok emakumeak txistorrak garai batean egiten ziren modua erakusten zutenean. Txerri hankak eta belarriak ere egosi eta frijitu zituzten, baita tripotak ere. Eguraldiak lagundu zuen eta horregatik goizean zehar jendea herria bisitatzera joan zen. Mari Carmen Arbizuk, Embutidos Arbizuko jabeak, salmenta ongi joan zela adierazi zuen. Goiza aurrera zihoala "mugimendu" gehiago nabaritu zela esan zuen. Dena dela, txistor eguneko garrantzitsuena ez dela asko edo gutxi saldu nabarmendu zuen, baizik eta Arbizuko txistorrari buruz hitz egitea. "Egun polita da eta hemengo txistorra gero eta fama gehiago hartzen ari da". Saria ArbizunBaxerri jatetxeko Amaia Berekoetxearen pintxoak irabazi zuen bosgarren txistor pintxo lehiaketa. Jatetxean lanean ari zenez Haizea Goñi 12 urteko alabak jaso zuen saria: txapela eta 1000 euro. Zazpi pintxo aurkeztu ziren bosgarren txistor pintxo lehiaketara, inoiz baino gehiago: Aldapa, Arbizuko Baxerri jatetxearena; Txistor gozamena, Etxarri-Aranatzeko Iturri eder tabernarena; Udazkena, Arbizuko Karrika tabernarena; Beriain, Uharte-Arakilgo Itxesi jatetxearena; Ispitxistor, Altsasuko Espejo tabernarena; Kaxandra, Arbizuko Kiroldegi tabernarena, eta Sumendi, Lakuntzako Kaletxiki jubilatuen tabernarena. Epaimahaiak aho batez aukeratu zuen Aldapa pintxoa: mihi biribilkia barruan txistorra zuela, ogi kostroia eta coulis edo txistor saldaz bustita eta patata konfitatuarekin. Epaimahaiak pintxoen estetika eta antolaketa, originaltasuna eta txistorraren erabilpena eta gustua eta zaporeen kontrastea kontuan izan behar zuen. Epaimahaia sukaldari eta gastronomian adituek osatzen zuten: Jesus Mari Astrain, Napardi eta gastronomi kofradien federazioen ohorezko kofradea; Moises Leranoz, Bilboko Doma jatetxeko sukaldari nagusia; Pili Idoate, Europa jatetxeko sukaldaria; Javier Diaz, Alhambrako sukaldari nagusia; Helena BN, gastronomian aditua eta blogaria, eta Fernando Flores, Errekondo jatetxeko sukaldaria.Javier Diaz epaimahaiko kideak adierazi zuen pintxoen maila urteekin hobetu duela. Irabazleak zapore, testura eta txistorraren erabileraren oreka ona zuela esan zuen; txistorraren "identitatea" nabaritzen zen. Txistorrak sukaldean "joko" handia ematen duela adierazi zuen.