Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aspek bere web orrian konfirmatu berri du: Joseba Ezkurdiak Sebastien Gonzalez pilotaria ordezkatuko du Lau t´erdian. Iparraldeko pilotaria Logroñoko San Mateotan lesionatu zen eta atzo erresonantzia egin zioten Iruñeko San Migel Klinikan. Bertan ikusi dute Gonzalez ez dela oraindik osatu, ezker hankako soleoaren haustura ez dela behar bezala soldatu eta gutxienez 15 egun gehiago eman beharko dituela txuriz jantzi arte. Egoeraren aurrean, Aspek erabaki du Joseba Ezkurdiak ordezkatuko duela Gonzalez. Beraz, arbizuarrari gutxi iraun dio ostiralean txapelketatik kanpo geratzeagatik sortutako penak. Ezkurdiak bigarrenez ordezkatuko du Gonzalez txapelketa batean. Aspek Gonzalez Binakakotik aldendu zuen, "desiotako errendimendua" ez zuelako ematen, eta Ezkurdia jarri zuen bere partez. Orain, atzera ere Ezkurdiak Gonzalez ordezkatuko du, kasu honetan Lau t´erdian, Iparraldekoa lesionatuta dagoelako.