Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joseba Ezkurdiak errebantxa ederra hartu zuen eta lau t´erdian jarraituko du: atarikoan Aitor Mendizabalek arbizuarra 10 tantotan utzi eta gero, partida hartan egindako akatsetatik ongi ikasi eta Ezkurdia Mendizabal III.aren gainetik pasa egin zen, inolako gupidarik gabe. Arbizuarrak 6 tantotan utzi zuen Mendizabal, errebantxa bikaina hartuta. Orain, Lau t´erdiko final zortzirenetan, Retegi Bi du zain. Partida astelehenean jokatuko da, Gernikan edo Tolosan. Atarikoan Mendizabalek Ezkurdia bidean utzi eta gero, lesionatuta dagoen Sebastian Gonzalezen partez sartu da arbizuarra Lau t´erdian. Atariko partidan egin zituen akatsak ongi zuzenduta eta lezioa ongi ikasita eraman zuen arbizuarrak Eibarko Astelenara, eta joko bikainarekin Antzuolakoa jokoz kanpo utzi zuen hasieratik, bere gainetik pasaz. Mendizabalek onartu zuen ez zuela egoerari buelta ematen jakin eta oso oso urduri aritu zela. Horrela, sekulako nagusitasunarekin, final zortzirenetara egin du salto arbizuarrak. Kaiolan espezialista den Retegi Biren kontra aritu beharko da Ezkurdia. Partida konplikatua aurreikusten da, baina igandean bezala jokatzen badu, Retegik lan asko egin beharko du Arbizukoa txapelketatik kanpo uzteko.