Ezkurdia aurrera

Guaixe 2013ko urriaren 29a

Irujo, Olaixola II.a eta Xalarekin jokatuko du final laurdenetako ligaxka.Bizitzak buelta asko ematen dituela jakina da. Bestela, esan diezaiotela Joseba Ezkurdiari. Mendizabalen kontra Aspeko atarikoa galdu ondoren etxean geratzetik, Gonzalez ordezkatu eta  lau t´erdiko final laurdenen ligaxkan aritzera pasatu da Arbizuko aurrelaria. Mendizabalen aurka atarikoa galdu ondoren enpresak Gonzalez ordezkatzeko eman zion aukerak zeresana eman zuen baina argi eta garbi esan daiteke Ezkurdia merezita dagoela lau t´erdiko txapelketako ligaxkan. Izan ere, emandako aukera bikain aprobetxatu du arbizuarrak. Txapelketako lehen partidan atzera ere Mendizabalen kontra aritzea tokatu zitzaion eta, lezioa bikain ikasita, gipuzkoarraren gainetik pasa zen nafarra, 6 tantotan utziz. Eta, astelehenean, final zortzirenetan, ustez faboritoa zen eta dirua nabarmen alde zuen Retegi Biri 15-22 irabazi zion Ezkurdiak, oso ondo jokatuta. Arbizukoak oso erasokor jokatu zuen, boleaz etengabe, eta Retegik ezer gutxi egin ahal izan zuen Ezkurdiaren abiaduraren aurrean. Pilota biziek lagundu zioten horretan. Retegi espezialista da lau t´erdian, baina lotuta balego aritu zen, askatu gabe. Gainera, behar baino huts gehiago egin zituen eta botearekin ez zion min gehiegirik eman Ezkurdiari. "Ez dut nire maila eman" esan zuen partida bukaeran Retegi Bik. Aldiz, Ezkurdiak oso ongi sakatu zuen, airez sartuta min asko egin zion Erasungoari eta piloteoan nagusi izan zen. Hasieran Ezkurdia aurreratu zen baina Retegik 9-8 aurreratzea lortu zuen. Hortik aurrera 7 tanto segidan egin zituen Ezkurdiak, 10-17 aurreratuz. Sakea berreskuratuta, 14-17 hurbildu zen Retegi, baina huts baten ondorioz Ezkurdiak sakea lortu zuen eta merezitako garaipena lortu zuen, 15-22. Orain, 1 multzoan, Xala, Irujo eta Aimarren kontra aritu beharko du. Xalaren kontra igandean EibarrenLau t´erdiko final laurdenetako ligaxkan, 1 multzoan  Yves Salaverri Xala izango du aurkari Joseba Ezkurdiak. Partida Eibarko Astelenan jokatuko da, 17:00etan (ETB1). Nahiz eta Xala faborito izan, orain arteko mailarekin jokatzen badu, gauzak oso zail jarriko dizkio Ezkurdiak lapurtarrari. Ligaxkako gainontzeko partidak ondokoak izango dira: 1 multzoan Olaizola II.a - Irujo (larunbatean, 17:30ean, Bilboko Bizkaian. NITRO) eta 2 multzoan Arretxe II.a - Idoate (ostiralean, 17:00etan, Iruñeako Labriten) eta Bengoetxea VI.a - Saralegi (ostiralean, 17:00etan, Donostiako Atano III.ean. ETB1).