Ezkurdia-Olaizola II.a lehia astelehenean Tolosan. Olaizolak ezker hanka mindua duela dio.

Guaixe 2013ko azaroaren 5a

Enpresek zehaztu dituzte zein pilotalekutan jokatuko diren lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partidak. Joseba Ezkurdia arbizuarrak Aimar Olaizolaren kontra jokatuko du, astelehenean, Tolosako Beotibarren (16:30ean). Jaialdi berean Saralegi Arretxe II.aren kontra ariko da. Xala Irujoren kontra larunbatean ariko da, Ogetan (17:30ean. NITRO), eta Bengoetxea VI.aren eta Idoateren arteko lehia Eibarko Astelenak hartuko du igandean (17:00etan, ETB1). Ildo honetan, Aimar Olaizolak adierazi du Irujoren kontra jokatutako partidan mina hartu zuela. Asegarcek publikatutako mediku partean Goizuetako pilotariak ezker hankan muskulu-distentsioa duela jasotzen da. Hau da, ezker hankan zaintiratua du. Final laurdenetan ezin denez partidarik atzeratu, lesioaren garapenaren zain dago Olaizola, eta ez daki Ezkurdiaren kontrako partidarako behar bezala osatuko den.