Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aimar Olaizolak Irujoren kontra irabazitako partidan minduta bukatu zuen. Ezker hankan zaintiratua du goizuetarrak. Baina asteleheneko partidara ongi iritsiko dela uste du Ezkurdiak. "Aimarrek esku bat atzean lotuta izanda ere, aukera handia luke irabazteko. Bere jokoa egiteko ez du arazorik izango eta bere kontrako partida oso zaila izango da" adierazi dio arbizuarrak Berria egunkariari. Ezkurdiak argi du bere jokoa egiten segitu beharra duela. "Erasoan jokatu, pilotari abiadura eman, nik agindu eta aukera dudanean ondo bukatu". 22 urterekin txapelketako gazteena da. "Gazteena bai, baina ilusio handiena duena ere. Aurten ikasteko nahi dut aprobetxatu. Ligaxkan sartzea eta horrelako pilotariekin jokatzea gauza handia da niretzat. Dena berria da eta oso ondo etorriko zait esperientzia hartu eta ikasteko" gaineratu du. Finalerdietara sartzeko aukerekin ikusten ote den galdetuta "aukera beti dago baina badakit oso zaila izango dela" erantzun du. "Aimarren eta Irujoren kontra ahalik eta gusturenen gelditzea da orain inportanteena. Momentu onean nago eta hori aprobetxatzen saiatuko naiz" azpimarratu du.