Aimar Olaizola gaurko partidara ondo iritsiko dela uste du Ezkurdiak

Guaixe 2013ko azaroaren 11

Lau t´erdia. Final laurdenetako ligaxka (gaur, astelehenean, 16:30ean, Tolosako Beotibarren)Olaizola II.a - Ezkurdia (astelehenean, 16:30ean, Beotibarren)Saralegi - Arretxe II.a (astelehenean, 16:30ean, Beotibarren)Gaur lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako bi partida jokatuko dira Tolosako Beotibarren. Lehenik eta behin Aimar Olaizolaren kontra jokatuko du Xala irabaztetik datorren Joseba Ezkurdiak, eta, bigarrenik, Saralegi eta Arretxe II.aren arteko norgehiagoka jokatuko da. ETB1-ek zuzenean emango ditu bi partidak. Asteburuko beste bi partidetan, Bengoetxea VI.ak 22-20 hartu zuen menpean Idoate eta Irujok 13-22 irabazi zion Xalari. Aimar faboritoAimar Olaizolak Irujoren kontra irabazitako partidan minduta bukatu zuen, ezker hankan zaintiratuaarekin. Baina gaurko partidara ongi iritsiko dela uste du Ezkurdiak. "Aimarrek esku bat atzean lotuta izanda ere, aukera handia luke irabazteko. Bere jokoa egiteko ez du arazorik izango eta bere kontrako partida oso zaila izango da" adierazi dio arbizuarrak Berria egunkariari. Ezkurdiak argi du bere jokoa egiten segitu beharra duela. "Erasoan jokatu, pilotari abiadura eman, nik agindu eta aukera dudanean ondo bukatu". 22 urterekin txapelketako gazteena da. "Gazteena bai, baina ilusio handiena duena ere. Aurten ikasteko nahi dut aprobetxatu. Ligaxkan sartzea eta horrelako pilotariekin jokatzea gauza handia da niretzat. Dena berria da eta oso ondo etorriko zait esperientzia hartu eta ikasteko" gaineratu du.  Finalerdietara sartzeko aukerekin ikusten ote den galdetuta "aukera beti dago baina badakit oso zaila izango dela" erantzun du. "Aimarren eta Irujoren kontra ahalik eta gusturenen gelditzea da orain inportanteena. Momentu onean nago eta hori aprobetxatzen saiatuko naiz" azpimarratu du.Ea arbizuarrak atzera ere sorpresa ematen duen eta Xalarekin egin zuen bezala, Aimarren kontra irabazten duen. Aimar handia da baina ea arbizuarrak estutzerik ahal duen. Aimarrek irabazten badu, zuzenean sailkatuko da finalerdietarako. Arbizuarrak zortea izan dezala lagun.