Ezkurdiak ederki estutu zuen Olaizola, baina goizuetarrak 22-18 irabazi zuen

Guaixe 2013ko azaroaren 12a

Lau t´erdia. Final laurdenetako azken jardunaldiaMartinez de Irujo - Ezkurdia (larunbatean, 17:00etan Labriten. NITRO. Sarrerak erreserbatzeko: 656 799 423)Saralegi - Idoate (igandean, 17:00etan, Astelenan. ETB1)Joseba Ezkurdia lau t´erdiko sorpresetako bat izaten ari da. Xala irabazi eta gero, astelehenean beste ezusteko bat emateko zorian egon zen arbizuarra, Aimar Olaizola gogor estutu baitzuen. Baina arbizuarrak egindako akatsak, errestoan batez ere, eta bukaerako une erabakigarrian goizuetarraren esperientziak, Asegarcekoari eman zion garaipena. Horrela, 22-18 irabazita, lau t´erdiko finalerdietarako sailkatu da Olaizola II.a. Xala txapelketatik kanpo geratu da eta Irujok eta Ezkurdiak finalerdietarako txartela dute jokoan. Beste multzoan, Bengoetxea VI.ak tokia du finalerdietan, Arretxe II.a kanpoan geratu da eta Saralegik eta Idoatek bertara pasatzea dute jokoan asteburuan. Hortaz, kasik bi finalen aurrean gaude. Errestoa, hobetu beharrekoa1.220 ikusle bildu ziren Beotibarren. Dirua Olaizolaren alde atera zen, baina zaleek Ezkurdia animatu zuten, nabarmen. Primerako giroarekin, Aimarren kontra ongi jokatu zuen Ezkurdiak. Joko dotorea egin zuen, bizia eta lotsagabea. Baina errestoa izan zuen Akilesen orpoa. Errestoan akats asko egin zituen eta Aimarrek aurrea hartu zuen. 16-11 galtzen zegoenean, Ezkurdia hazi egin zen eta 7 tanto egin zituen jarraian, 16-18 aurreratuz eta goizuetarra ittoz. Egoera horren aurrean, ofizioa eta esperientzia bere alde erabili zituen goizuetarrak, txakur zaharrek bezala. 24 pilotakadako tanto gogorrean pilota ezin mugitu geratu zen Ezkurdia eta sakez hurrengo tantoa egin zuen goizuetarrak, 18ra berdinduz. Joseba Ezkurdiak txapapera bota zituen hurrengo bi pilotak, hurrengo tantoa txokora bidali zuen goizuetarrak, tantoa eginez, eta azken tantoa kontrakantxara bidali zuen arbizuarrak. 22-18, horrela despeditu zen lehia. Ezkurdiak izugarri estutu zuen Olaizola eta goizuetarrak uste baino gehiago lan egin behar izan zuen arbizuarra irabazteko, aspaldiko partez izugarri sufrituz. "Pena izan da, baina errestoan huts asko egin dut eta pilotari hauekin ordaindu egiten da hori" adierazi zuen Ezkurdiak partida bukaeran. Analisi egokia, errestoek kondenatu baitzuen arbizuarra. Entrenamendu lagunak elkarren kontraSarritan entrenatzen dira elkarrekin Joseba Ezkurdia eta Juan Martinez de Irujo. Norberaren ahuleziak eta indar guneak ongi ezagutzen dituzte. Presio gehiena Irujok izango du, bera baita faborito argia. Baina orain arte ikusitakoari jarraiki, Ezkurdiak ez dizkio gauzak batere erraz jarriko eta lehia estua aurreikusten da. Jakina, arbizuarrak errestoa gehiago landu beharko du, akats ugari pilatu baititu azken lehiatan. Nolanahi ere, larunbatean lagunak elkarren kontra ariko dira etxean, primerako giroa espero den Labriten.