Irujo eta Ezkurdia, maisua eta ikaslea elkarren kontra

Guaixe 2013ko azaroaren 14a

Lau t´erdiko pilota txapelketa pil-pilean dago. Momentuz Aimar Olaizolak eta Bengoetxea VI.ak lortu dute finalerdietara sailkatzeko txartela, Arretxe II.a eta Xala txapelketatik kanpo geratu dira, eta asteburuko bi lehia ikusgarrietatik aterako dira beste bi finalistak: Irujo-Ezkurdia eta Saralegi-Idoate. Irujo eta Ezkurdiaren arteko partida larunbatean jokatuko da, Labriten. Sekulako ikusmina sortu du final itxura duen partida honek. Are gehiago, Irujo eta Ezkurdia entrenamendu lagunak direla kontuan hartuta. Maisua eta ikaslea, elkarren artean primeran ezagutzen direnak. Irujo txapeldun handiaren sparring lanetan aritu da Joseba Ezkurdia arbizuarra azken urteotan, eta Iberokoaren ahultasunak eta bikaintasunak primeran ezagutzen ditu. Eta, alderantziz. Hortaz, biek ederki dakite arerioa nondik estutu dezaketen. Saria: finalerdietarako txartela. Ez da txantxa.Atzoko pilota aukeraketan biak hitz ederrak izan zituzten elkarrekiko. "Nik ere ez dakit zein diren Irujoren ahulguneak; pilotari osoa da. Oso berezia izango da bere kontra jokatzea. Oso zail daukat, baina ea egun txarra daukan eta zerbait egiteko gai naizen" zihoen Ezkurdiak. Faborito nagusia da Irujo, baina presio hori kentzen saiatu zen Iberokoa. "Txapelketa bikaina egiten ari da. Erakutsi du distantzia honetan zenbat jokatzen duen; abiadura handia ematen dio pilotari" adierazi zuen txapeldun handiak, berarendako ere partida oso berezia izango dela aitortuta. Jokin Etxanizek Irujok eskuin eskuko hatz batean duen pitzadura ekarri zuen gogora. "Denok dakigu zein arazo duen Irujok eskuin hatzetako behatz batean, eta Ezkurdia nola dagoen ere bai. Parean ikusten dut partida" adierazi zuen Aspeko kirol zuzendariak. Baina loreak lore, onartu beharra dago Irujok duela faboritoaren presioa gainean eta Ezkurdia, alde horretatik, lasaiago aterako dela kantxara.Orain arte elkarren artean sei alditan aritu dira Irujo eta Ezkurdia, sei aldiak binaka, eta hiruna garaipen lortu dituzte.PilotakIrujok 104,3 eta 106,5 gramoko pilotak aukeratu zituen, eta 106,2 eta 105,8 gramokoak Ezkurdiak. "Politak dira. Nireak gehixeago ateratzen dira frontisetik" azaldu zuen Ezkurdiak. Irujok soilik ezker eskuarekin probatu zituen pilotak, eskuin eskuko hatz batean duen pitzadura dela eta. "Nahiago dut eskuinari ahalik eta atseden handiena ematea. Ea larunbatean gai naizen konfiantza hartzeko eta hatz horretaz ahazteko". Pitzadura horrek nabarmen eragin dio orain arte jokatutako partidetan. Ezkurdiak azaldu zuenez, "nire jokoa egingo dut: pilotari abiadura ematen saiatuko naiz eta aukera dudanean tantoa bukatzen. Irujori eskuin eskua bilatzen ez naiz itsutuko".