Zazpi urteko espetxe eskaera udala mehatxatu zutenendako

Guaixe 2013ko azaroaren 14a

Nafarroako makina bat herrietan eskuin muturreko Falange y Tradición taldeak hainbat eraso egin zituen 2009an. Arbizuko udaletxean, esaterako, agorrilaren 20an lau udal ordezkariren kontrako heriotza mehatxuak agertu ziren udaletxean egindako pintada batean: Mendi, Blda, Iriarte, Araña; orain zelatan, bihar hilko zaituztegu. Mehatxuak salatzeko 500 pertsonek manifestazioa egin zuten Arbizun, Atzoko eta gaurko faxisten aurka, utzi bakean Euskal Herria leloarekin. Horregatik eta beste ekintza batzuengatik bost gizon atxilotu zituen poliziak urte artako lastailean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak  "mehatxu terroristak" eta "kalte terroristak" egotzita zazpina urteko espetxe zigorra eskaera egin du Jose Ignacio Irusta, Javier Lopez Monreal eta Borja Perez Illerarendako.