Horren gertu... eta ihes

Guaixe 2013ko azaroaren 18a

Labrit pilotalekuan bukaerara arte sekulako emozioa izan zen larunbatean. Ezkurdia edo Irujo, nork aurrera? Margarita bati hostoak kentzea bezala, bazirudien orain Ezkurdia gailenduko zela, gero Irujo, segidan Ezkurdia... Azken tantora arte iraun zuen ezjakintasunak, partidan barna inor ez zelako argi gailendu. Azkenean, Irujo ariko da lau t´erdiko finalerdietan, Ezkurdiari tanto bakar batengatik irabazi eta gero. Arbizuko aurrelariak agur esan behar izan dio lau t´erdiari, baina burua tente, txapelketa bikaina egin baitu. Behe-behetik hasita gora egin du, finalerdietara sailkatzear geratu dela. Ibilbide horretan txapelketako sentsazioetako bat izan da. Irujo ez zen lasai kantxaratu. Eskuin hatzeko hatz erakuslean pitzadura du eta nahiz eta ongi babestu mina ematen dio eta bere jokoa erabat baldintzatzen du. Beldurrez ematen zion pilotari, bete-betean joko balu hatza lehertuko ote zitzaion beldurrez. Eta, bestetik, Ezkurdia zuen aurrean, bere entrenamendu kidea, sarritan berarekin sparring lanak egiten dituena eta txapelketa bikaina egiten ari dena. Maisua eta ikaslea, elkar primeran ezagutzen dutenak, norberaren indarguneak eta ahulguneak zein diren argi dakizkitenak. Pilota aukeraketan loreak bata besteari. "Arbizukoaren jokoa eta Irujoren arazoak ikusita, "parean ikusten dut partida" adierazi zuen Aspeko kirol zuzendariak pilota aukeraketan, eta horrela izan zen. Ezkurdiak egin zituen lehen 5 tantoak, horietatik 3 sakez. Sakea berreskuratutakoan beste 5 tanto egin zituen jarraian Irujok, 2 sakez. Eta egoera hori errepikatu egin zen partidan barna. Jokoari dagokionez partida nahiko exkaxa izan zen, bi pilotariek huts asko egin zituztelako eta piloteo gutxi izan zelako. EromenaIrujo izan zen aurretik partida ia guztian barna, baina Ezkurdia oso gertu zuela. 17-15 aurreratu zen Irujo eta bazirudien hortik aurrera 22 tantora zuzenean zihoala, baina falta egin zuen sakez eta Ezkurdiak egoera primeran aprobetxatu zuen 17-19 aurreratzeko. Partida irabaztea eskura zuen arbizuarrak baina huts egin zuen, eta Irujo 20-19 aurreratu zen. Hurrengo tantoan polemika izan zen, Ezkurdiak txapara bidalitako pilota ontzat eman zuelako epaileak, eta hurrengo tantoa sakez irabazi zuen ezkurdiak, 20-21 aurreratuz. Finalerdiak esku-eskura zituenean Irujo azaldu zen, maisua, eta kontra zuen lehia irabazi zuen bi tanto egin eta gero. Garaipena lortzeko izugarri sufritu behar izan zuen Irujok. Pena Ezkurdiarengatik, Aimarren kontra bezala partida azken unean galtzen utzi zuelako, finalerdia ia eskuan zuenean. Baina txapelketa bikaina egin eta gero burua tente egon daiteke arbizuarra. "Eskuetatik ihes egin dit. Pena ikaragarriarekin noa etxera; ikasteko balioko dit" zioen Josebak partida bukaeran. Irujok onartu zuen eskuin eskuko hatz erakusleak min ematen diola eta "nahikoa" egin duela finalerdietarako sailkatuta. Oinatz Bengoetxea izango du aurkari finalerdietan, eta litekeena da Irujok atzerapena eskatzeko aukera baliatzea, duen lesioagatik osatzeko. Beste finalerdian Aimar Olaizolak Saralegi izango du arerio.