Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean, 11:30ean, 70 aizkolari baino gehiago lehiatuko dira Arbizun. Ekitaldiak Jose Ignazio Flores "Axio" aizkolaria omendu nahi du Egur Sportek, Piensos Diva, Sakanako Aizkolari Eskola eta Arbizuko Udalaren laguntzarekin, aizkora proba ikusgarria antolatu du iganderako, 11:30ean, Arbizuko kiroldegian. 2013ko Munduko Aizkolari Txapelketa jokatuko da, aizkolari azkarrenaren modalitatean. Guztira 70 aizkolari baino gehiago lehiatuko dira eta proba ikusgarria izanen da. Txapelketa honetan Jose Ignazio Flores "Axio" aizkolari ohiari errekonozimendua egin nahi zaio, omenaldia, eta horrekin batera, sarreretatik jasotakoa Ziordian bizi den aizkolari arbizuarra laguntzera bideratuko da. Jakina denez, Axiok herri kirolen alde lan handia egin izan du eta egun gaixotasun larria du.Kanporaketa sisteman jokatuko da txapelketa, enbor bakarrera, 5 kategoriatan:18 urtez azpikoa, 23 urtez azpikoa, elitea, 50 eta 60 urte arteko beteranoak eta 60 urtetik gorako beteranoak.Aizkolari guztiak AxiorekinEgun lehian dauden aizkolari gehienek egon nahi dute Axioren ondoan eta igandean Arbizun izanen dira, aizkolari sakandarrak barne, Munduko Aizkolari Txapelketako aizkolari azkarrenaren lehian. Julen Larrea III.a izango da txapelketan ariko den aizkolari gazteena, eta Jose Ignazio Orbegozo "Arria II" aizkolari mitikoa beteranoena. Bitarte horretan aizkolari ugari lehiatuko dira Arbizun: Floren Nazabal txapeldun etxarriarra, Jose Mari Olasagasti, Aitzol Atutxa... Gaztetxoen mailan Iker Vicente da faborito nagusia, 23 urtez azpikoetan Ruben Saralegi eta Ander Erasun, elite mailan Floren Nazabal, 50 eta 60 urteko beteranoen artean Jose Mari Olasagasti eta Donato Larretxea, eta 60 urtetik gorakoetan Jose Ignazio Orbegozo "Arria II.a", Jesus Olaizola "Agite", Mikel Mindegia, Leontzio Goñi eta Joaquin Garmendia.Munduko Aizkolari Txapelketa, aizkolari azkarrenaren modalitatean, 2006an jokatu zen Tolosan azken aldiz, eta Berako Donato Larretxea gailendu zitzaion Laurence O´Toole aizkolari australiarrari. Ikusiko dugu igandean nor den munduko azkarrena Arbizun.