Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 1ean Egur Sportek, Piensos Diva, Sakanako Aizkolari Eskola eta Arbizuko Udalaren laguntzarekin, aizkora proba ikusgarria antolatu zuen: 2013ko Munduko Aizkolari Txapelketa, aizkolari azkarrenaren modalitatean. Guztira 70 aizkolari baino gehiago lehiatu ziren, 5 kategoriatan banatuta: 18 urtez azpikoa, 23 urtez azpikoa, elitea, 50 eta 60 urte arteko beteranoak eta 60 urtetik gorako beteranoak. Txapelketak, aldi berean, Jose Ignazio Flores "Axio" aizkolari ohiari errekonozimendua egin nahi izan zion. Horrela, Sakanan herri kirolak sustatzeko horrenbeste lan egin duen arbizuarrari omenaldia egin zitzaion. Jakina denez, Ziordian bizi den aizkolari arbizuarrak gaixotasun larria du eta sarrerekin jasotakoa bera laguntzera bideratu zen. "Munduko txapelketa bat da mundiala den pertsona bat omentzeko" adierazi zuen Egur Sporteko Luis Mari Bengoak, aizkolari guztiek Axiori dioten estimua nabarmenduta. Kanporaketa sisteman jokatu zen txapelketa, enbor bakarrera. Egun puntan dauden aizkolariak, garai bateko izarrak eta etorkizuneko aizkolariak ikusi ahal izan ziren lanean. Atutxa jaun eta jabeElite mailan, Floren Nazabal bidean utzi zuen Donato Larretxea eta Larretxea semearen kontra gailendu zen Aitzol Atutxa iritsi ziren finalera eta Atutxa izan zen txapelduna, Arantzakoari 49 segundo aterata. "Bere garaian asko ikasi nuen Donatorengatik, urrezko aizkora irabazi genuenean. Garaipenaren puska bat berarena da" aipatu zuen Atutxak irabazi eta gero. Beste kategoriak60 urtetik gorakoetan Migel Mindegia izan zen jaun eta jabe, finalean Leontzio Goñi menpean hartu eta gero. Jokin Garmendia, Jesus Olaizola "Agite" eta J.J. Erdozia ere aritu ziren. 50-60 arteko mailako finalean Larretxeak Joxe Ugarteburu izan zuen arerio eta ehuneneko gutxiengatik Arantzakoa nagusitu zen. Fausto Mugerza, Patxi Larretxea, Joxe Etxebeste, Jesus Elorriaga, Goñi eta Julen Mendieta aritu ziren ere maila horretan. 23 urtez azpikoan Ruben Saralegi zen faboritoa eta leitzarrak ez zuen huts egin. Finalean 45 segundo atera zizkion Oihan Larretxea bidean uztetik zetorren Jokin Alkizaleteri. Lehiatu ziren beste aizkolari batzuk Jon Rodriguez, Julen Alberdi, Aritz Irazabal, Ely Corchero, David NAredo eta Julen Larrea izan ziren. Eta gaztetxoenen artean, 18 urtez azpikoan, aurreikusi moduan Iker Vicentek dominatu zuen. Finalean 10 segundo atera zizkion Julen Larreari. Oier Kañamares, Joxean Etxeberria eta Aitor Jauregi izan ziren lehiatu ziren gainontzeko aizkolariak.