Sakanako Bardoak lanera

Guaixe 2014ko otsailaren 7a

Arbizuko Argibidea elkartean, 22:00etan, Leitzako Harrapazank eta Sakanako Bizkorratxiko taldeak ariko dira

Gaur jarriko da martxan Bardoak, Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimena. Nafarroako Bertsozale Elkartearen ekimenak bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritu, gune berrietara zabaldu eta bertsolaritza gozamen gisa eskaini nahi du. Hala, lehiaketak iraungo duen bi hilabeteetan Nafarroako inoizko bertsolari kopururik handiena aterako da plazara: 60, duela bi urte baino 9 gehiago. Eskarmentu handiko bertsolariekin batera hasi berriak ariko dira, taldekako lehian.

Bardoak ekimenean parte hartzen duten 110 pertsonak 16 taldeetan banatuta daude, eskualdeko bertso eskolen arora (taldeko, gutxienez, hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria). Bost multzotan banatu dituzte eta bi itzuliko ligaxka jokatuko gaurtik otsailaren 23ra arte. Multzo bakoitzeko talde bana pasako da bigarren fasera, sei guztira. Martxoaren 7tik 30era taldeak binaka neurtuko dira, joan-etorrian eta Lesakan apribilaren 12an jokatuko den finalera hiru talde iritsiko dira.

Txapelketaren berezitasunak
Finala salbu, saioak elkarte girokoak izanen dira, “kalitatezkoak, hurbilak, gozoak eta berritzaileak”. Mahai inguruan edo bestelako ekitaldiekin osatuko dira. Bardoak ekimenean talde lana izanen da oinarria eta, beraz, denen artean banatu beharko dute lana. Taldeen egitekoa ere saioen antolaketa izanen da. Epaile lanetan ere ariko dira, talde bakoitza beste multzo bateko saioak epaitu beharko ditu. Baina horretarako ez dute puntuaziorik jarriko. Ariketaz ariketa talde onena aukeratuko dute. Entzuleek ere saioan hobekien zein aritu den baloratzeko aukera ere izanen dute. Bi irizpide horiek kontuan izanda erabakiko dira lehen fasean saioetako irabazleak.

Sakandarrak
Bardoak lehiaketaren  aurreneko edizioan Etxarri Aranazko talde bat aritu zen. Aritu ziren sakandar gehiago baina ibarretik kanpoko talde ezberdinetan banatuta. Bigarren edizioan Sakanako bi taldek parte hartuko dute lehiaketan: Bilixkorriko eta Bizkorratxiko.

Bilixkorriko taldea Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Alain Iriarte eta Unai Artieda bertsolariek osatzen dute. Maider Ansa dute aurkezle eta ordezkaria, berriz, Artzai Iraurgi izanen da. B multzoan ariko dira Iruñeko Mirristi Drimtim (Xabier Terreros, Unai Uberetagoena, Asier Saragueta) eta Malerreka-Baztango Etxeko Kontuk (Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu, Amaia Elizagoien) taldeekin batera.

Bizkorratxiko taldean bertsotan ariko direnak Josema Leitza, Joseba Beltza Saats Karasatorre eta Aitor Zubiria izanen dira. Taldeko aurkezlea eta ordezkaria Jon Arratibel da. D multzoan Barañaingo Miluzeko barañetak (Ander Baiano, Ander Perez, Mintxo Astiz, Pablo Perez, Edurne Errea, Iker Mundiñano) eta Leitzako Harrapazank (Migel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra, Joanes Illarregi) taldeekin neurtuko dira.

Horretaz aparte, Haizea Beruete bertsolari lakuntzar-sakandarrak Txantreako 12 obario eta 11 pedrada taldean ariko da. Kide izanen ditu Erika Lagona, Saioa Alkiza eta Irati Majuelo bertsolariak. Haiekin batera Eider Azkoaga aurkezlea eta Idoia Saez ordezkaria izanen dira. F multzoan ariko dira beste hiru talderekin; Araitz-Betelu-Larraungo Mailopetarrak,  Baztano Lepatanatuek eta Barañaingo Baradoak. Multzo horretan bi izanen dira aurrera eginen dute taldeak.

Lehen faseko lana
Hasierako agurra, taldeka (puntuagarria).
Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso.
Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso.
Hamarreko txikian binaka ofizioka hiruna bertso.
Gaia eta oinak emanda habanera doinuan bertso bana.
Objektu bati bertso bana.
Azkena izanen ez den puntua emanda, bertso bana.
Koplak (launa kopla osatu arte).
Zortziko txikian hiru punturi erantzun.
Gaia emanda bi bertso osatu.
Puntukako saioa taldekideen artean (sei bertso osatu arte).
Bukaerako agurra, banaka (ez da puntuagarria).

Sarean
www.bertsozale.com
www.bertsoa.com
sare sozialak