Euskara Kultur Elkargoak (EKE) antolatutako VII. mikro-ipuin lehiaketan Mattin Petriati Berastegiren Gazte txartela eta Itziar Razkin Lopez de Uralderen Bisita narrazio laburrak aipamen bana eskuratu zuten. Pasa den astetik bien lanak, beste finalistena eta Maialen Lujanbio gonbidatuaren ipuinak liburu batean jasoak daude. EKEk Pamiela argitaletxearekin batera urtero Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako mikro-ipuinen lehiaketa antolatzen du. 2013ko deialdia lanak aurkezteko epea abendu akaberan despeditu zen. Udaberrian jakinaraziko dute zein izan diren irabazleak.