Gero eta pieza handiagoak egiten ari dira Arbizuko enpresan, eta egungo lantegia txiki gelditu zaie. Horregatik, Utzubar industrialdearen hirugarren faseko eremuan lantegi berria eraikitzen ari da enpresa. Baikor Worldwidek lantegi berria egiteko 4,2 milioi euroko inbertsioa egin du.
Aitor Goñi arduradunak azaldu digunez, egun lantegian duten guztia berrira aldatuko da. Etorkizunean garatzen ari diren proiektuak lantegi berrian gauzatzeko aukera izanen dute. Horregatik, produktu ekoiztu eta merkatu berriak sortu bitartean, ez dute langile gehiago kontratatuko (27 ari dira egun).
Enpresaz
Arbizuko lantegian altzairu herdoilgaitzezko eta aleazio handiko zentrifugazio-osagaiak ekoizten dituzte. Elementu horiekin gero beste enpresek balbulak egiten dituzte. Batez ere petrokimika arlorako lan egiten dute Baikor Worldwide SL enpresan. Hala, Arbizun sortzen dituzten piezak petrolioa edo gasa dauden tokietan bukatzen dute. Euren merkatua Europan (Italia, Finlandia eta Alemania), Amerikan (Kanada, AEB eta Brasil) eta Asian (Arabiar Emirerri Batuak) dago nagusiki (%80).
Aurreikuspenez galdetuta, Goñik azaldu digu sektorean krisia nabari dela, prezioetan batez ere. “Baina lana badago”. Hainbat enpresa petrolioa eta gasa bilatzeko egiten ari diren lanak aipatu ditu. “Toki zailetan ari dira eta inbertsio handiak egiten ari dira. Petrolio txarra ateratzen ari bada ere, petrolioa garesti dago”.
Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza (IGB) zaintzen dute Baikor Worldwide SL enpresan. Proiektu berriak lantzen ari dira, eta, Goñik aitortu duenez, “horregatik daude bizirik. Betikoarekin gelditzen bazara jendea prezio onenera joko du”. Horregatik, produktu berriak eta merkatu berriak dira Arbizuko enpresak negozioari eusteko dituen bideak. Goñik arrazoitu duenez, “IGBn zenbat eta inbertsio gehiago egin negozio aukera handiago. Bestela, gero nabarituko da”. Horregatik, Industriako Garapen Teknologikorako Zentroarekin harremanetan dago Arbizuko lantegia.