Egungo duatleta onenak hurbilduko dira bihar Arbizura

Guaixe 2014ko martxoaren 28a

Arbizuko 18. Duatloia jokatuko da bihar, 16:00etan. Goizean, 10:45ean, Arbizuko II. Haur Duatloia antolatuko dute.

Arbizuko udalak Arbizuko 18. Duatloia antolatu du biharko, larunbaterako. Proba 16:00etan abiatuko da Kale Nagusitik. Udalak Sakanako Triatloi Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen, Nafarroako Triatloi Federazioaren, Arbizu Kirol Elkartearen, Aralar Txirrindularitza Taldearen eta hainbat enpresa eta komertzioren laguntza izan du, herritarren babesarekin batera. Proba Nafarroako Duatloi Txapelketarako eta Euskal Herriko zirkuiturako baliagarria da.

Ekitaldia asteartean aurkeztu zuten Arbizuko kirol zinegotzi Juantxu Zabalak, Arbizuko alkate Miren Mendinuetak, Aralar Txirrindulari Taldeko Iñigo Razkinek eta Mankomunitateko kirol teknikari eta Sakana Triatloi Taldeko kide Amaia Gerrikagoitiak. “Proba antolatzeko 34 babesleren laguntza izan dugu eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu” adierazi zuen Zabalak.

Helburuak: Arbizu, euskara, kirola eta birziklapena bulkatzea
Duatloiarekin 4 helburu lortu nahi dituzte. Batetik, Arbizu eta Sakana ezagutaraztea. “Probak jende asko ekartzen du eta kirol-turismo moduan planteatzen dugu. Gainera, sarietan Arbizuko produktuak banatuko ditugu” azaldu zuen Zabalak. Bestetik, euskara bulkatzea. “Euskara bulkatzeko beste aurrerapauso bat eman dugu eta Nafarroako Federazioak epaile euskalduna ekarriko du Arbizura. Dokumentazioa ele-bitan jarri dugu eta kartela euskara hutsean” gaineratu zuen kirol zinegotziak. Kirola bulkatzea da beste xede bat, jendearen parte-hartzea bulkatzea, sakandarrena bereziki. “Txikien proban 35 sakandar daude izena emanda, momentuz, eta helduenean ere Sakana Triatloi Taldeko kideak ariko dira” nabarmendu zuen Zabalak. Eta zaborrik ez sortzea da azkena. “Aurreko materiala erabiliko dugu, eta aurtengorako sortutako materiala, dortsalak eta beste, birziklagarriak izango dira, hurrengo edizioetan erabiltzeko. 0 zabor sortzea, guztia berrerabiltzea da gure nahia” gaineratu zuten aurkezpenean.

Nobedadea: haurren proba
Nobedade moduan goizean haurrendako proba antolatuko dute. “Duela hainbat urte haurren proba antolatu zen eta horregatik Arbizuko II. Haur Duatloia izendatu dugu, baina orduko proba ez zen Nafar Kirol Jokoetarako baliagarria eta aurtengoa bai” zehaztu dute. Aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak eta haurrak lehiatuko dira, 5-14 urte bitarteko neska-mutikoak, 10:45ean hasita, Arbizuko herri gunean prestatutako zirkuituan. “Dagoeneko 120 haurrek baino gehiago eman dute izena, horietatik 34 Sakana Triatloi Taldekoak dira eta asko arbizuarrak. Ikusgarria izatea espero dugu” diote antolatzaileek.

Betiko zirkuitua eta no drafting
Proba nagusiko ibilbidea betikoa izango da, duatletek oso gustukoa dutelako. “Ibilbide gogorra da. Lizarragako Katea igo behar da bitan, eta haizeak jotzen badu oso gogorra izaten da” adierazi digu Arbizuko kirol zinegotziak.
Boxak Kale Nagusian egonen dira, ikusleek trantsizioak gertutik ikus ditzaten. Udaletxetik eskoletara arteko eremua hesituko dute, eta espaloiak libre utziko dituzte. Eskola pareko espaloia duatletendako izango da, bertatik boxetara sartzeko, eta beste espaloia zabalik egonen da ikusleendako.

Txirrindula proban duatletek ezingo dute aurreko edo ondokoaren gurpilari lotuta joan. Hau da, ezin da draftinga egin edo besteek egindako lanaz aprobetxatu. Aurrean doan txirrindularia 7-10 metrora izan beharko dute parte-hartzaileek, eta alboan dutena gutxienez metro batera. Distantziak betetzen ez dituztenek 2 minutuko zigorra jasoko dute.

8 km-32 km-4 km
Larunbatean 16:00etan abiatuko da Arbizuko 18. Duatloia. Irteera plaza parean izanen da. Herrian barna 4 kilometroko zirkuitu bat prestatu dute, eta hasieran zirkuitu horri bi buelta eman beharko zaizkio korrika, 8 kilometro osatuz. Ondoren, boxetan bizikleta hartu eta 32 kilometro eginen dituzte, Kale Nagusitik abiatu, Lizarragako Katera igo eta Etxarritik barna Arbizura heltzeko lana bitan eginez. Bukatzeko, txirrindula boxetan utzi eta herriko zirkuituari buelta bat emanen diote korrikan, 4 kilometro eginez.
Kadeteek helduen proban parte hartuko dute, baina ibilbide erdia eginen dute: 4 km-16 km-2 km. Txirrindulako tartean kadeteek Bibei auto elektriko bat izanen dute aurretik eta beste bat atzetik.
Dortsaletan nobedadeak izango dira. Gizonek dortsal horia eramango dute, emakumezkoek lila eta kadeteek urdina.

Herrira Etxarritik eta Lakuntzatik sartzeko deia
Probak antolakuntza lan handia eskatzen du. Segurtasuna bermatzea da antolatzaileen kezkarik handiena. “Ostiral arratsaldean boxak prestatzen hasiko gara eta kale Nagusian ezingo da aparkatu. Eta larunbatean goizetik haurren proba antolatuko dugunez, zirkuitua pasatzen den tartea, herri gunea, itxi egingo dugu. Trafikoa itxita egongo da. Hortaz, proba jarraitzera datozenei eta autoan ibili behar diren herritarrei esan nahi diegu ez daitezela autobiako Arbizuko irteeratik etorri, bidea itxita izango dutelako. Sar daitezela Etxarritik edo Lakuntzatik. Kiroldegian eta trenbideko bidean aparkalekuak prestatu ditugu” nabarmendu zuen Zabalak. Bidegurutze guztietan egongo diren bolondresei “kasu egiteko” nabarmendu zuen Arbizuko kirol zinegotziak.

Egungo duatleta onenak
Dagoeneko 160 duatletek eman dute izena proba nagusian eta 122k haurren proban. Izena eman dutenen artean puntako duatletak daude. “Emakumezkoen artean Ana Casares, Maider Razkin, Veronica Anselmo, Leire Etxezarreta, Lourdes Oiartzabal, Maider Gaztañaga… eta gizonezkoetan Raul Amatriain, aurreko urteko irabazle Raul Roda, Unai Yus, Iker Roas, Ander Agirre, Ibai, Alva… Jakina, Sakana Triatloi Taldeko sakandarrek ez dute huts egingo.
Proba bukatuta sari banaketa eginen da Arbizuko plazan, eta ondoren, auzatea izanen da Aldabide elkartean, Arbizuko produktuekin. “Parte-hartzaileek izugarri eskertzen dute” nabarmendu du Zabalak. Probako antolakuntza lanetan 80 pertsona inguru ariko dira. “Arbizu Kirol Elkarteko eta Aralar Txirrindulari Elkarteko kideek bolondres lana egingo dute bidegurutzeetan, kintoek aparkalekuetan lagunduko dute… oso eskertuta gaude” gaineratu zuen kirol zinegotziak.

Sari arbizuarrak
Lehenengo gizonak eta emakumeak 150 euro, txapela eta Anastasio harategiko lotea jasoko dituzte, bigarrenek 100 euro eta hirugarrenek 50 euro. Horretaz gain, 23 urtez azpiko, junior mailako eta beterano mailako lehen gizonek eta emakumeek Arbizuko produktuen loteak jasoko dituzte Arbizu, Laket eta Floresen eskutik. Lehen sakandarrek, gizon eta emakumeak, Kemen Osasun Zerbitzuak egindako esfortzu proba oparituko zaie. Sakanako bigarrenek eta hirugarrenek bi pertsonendako afaria jasoko dute, Beldarrain Jubilatuetan eta Baxerri jatetxean. Eta lehen arbizuarrak bi pertsonendako bazkaria edo afaria jasoko du opari, Olatzea Hotelean. Horretaz gain parte-hartzaile guztiek 2011n Eskozian munduko saria jaso zuen Juananeko gazta puska bat jasoko dute. Eta partaide guztien artean asteburu bateko egonaldia zozketatuko da Arbizuko Eko kanpineko bungalow batean eta Bibei Auto Elektrikoekin bisita gidatua.

Informazioa
www.arbizu.info eta www.navarratriatlon.com.