Amatriainen eta Gaztañagaren lezioa

Guaixe 2014ko mar. 31a, 09:54
Igor Flores, helmugara heltzen.
Izarrez betetako eta haizeak gogortutako Arbizuko 18. Duatloian gailendu ziren biak. Sakandarren artean Igor Flores izan zen azkarrena

Sakandarrak Arbizuko 18. Duatloian
1.Raul Amatriain: 1:42:07
12.Igor Flores: 1:46:44
18.Sergio Garcia de Eulate: 1:49:10
19.Fco. Javier Gomez: 1:49:35
34.Javier Borrega: 1:52:09
82.Juan Luis Maiza: 1:57:29
98.Isidro Asurabarrena: 1:59:20
114.Mikel Astiz: 2:02:09
126.Mikel Lakuntza: 2:03:45
173.Juantxo Azurmendi: 2:11:50

Parte-hartze errekorra izan zuen Arbizuko 18. Duatloiak. 250 duatletek hartu zuten irteera, antolakuntzak duen muga, hain zuzen. “Eskaera gehiago izan ditugu baina ezin izan ditugu onartu” adierazi zigun Arbizuko kirol zinegotzi Juantxu Zabalak. Aurreko urtean 97 parte-hartzaile izan ziren eta aurtengo aurreikuspenak modu ikusgarrian gainditu dira. Egun berean ospatzekoa zen Durangoko duatloia bertan behera geratzeak zerikusia izan zuen, baina baita ere Arbizuko probaren ezaugarriek ere. “Proba gogorra eta polita da, are gehiago jotzen duen haizearekin” gehitu zuen Zabalak. Eta haizea izan zen, zalantzarik gabe, eguneko protagonista. Izugarri jo zuen eta bereziki txirrindularitza tartean, Lizarragako katea igo eta jaistean, izan zuen eragina, proba asko gogortu baitzuen.

250 duatletek 5 km korrikan, 32 km txirrindulan eta 2,5 km korrikan egin behar izan zituzten. Proba Nafarroako eta Euskal Herriko duatloi zirkuituetarako baliagarria zen. Irteera hartu zutenen artean egungo izar handienak zeuden: Amatriain, Arnaiz, Urizar, Roda, Alba, Yus, Agirresarobe, Gaztañaga, Casares, Oiartzabal, Leunda… Irteera hartu eta berehala, aurreko tokiak hartu zituzten faboritoek. Espainiako distantzia luzeko txapelduna den Raul Amatriain zen proba irabazteko faborito nagusia eta nafarrak ez zuen huts egin. Baina konpetentzia oso gogorra izan zuen eta proba azken tartean erabaki zen. Izan ere, txirrindula probatik elkarrekin iritsi ziren faboritoak, baina bukaerako korrika tartean Amatrainek tartea atera zien gainontzekoei eta bakarrik heldu zen helmugara (1:42:07). Bigarrena  bere taldekide Javier Migel Benedited izan zen (1:42:50) eta hirugarrena Patxi Uruzar (1:43:01). Emakumezkoetan Maider Gaztañagak sekulako lana egin zuen eta lehena izan zen helmugan (1:55:01), Ana Casaresi 5 minutu pasa aterata (2:00:10). Oourdes Oiartzabal izan zen hirugarrena (2:03:48).

“Lizarragatik Etxarrirako tartea oso gogorra izan da. Txirrindulako bigarren itzulian hobeto ikusi dut nire burua. Luis Migel Benedited eta Unai Yus nire taldekideek harrapatu naute eta ongi joan gara, distantzia errespetatuz. Eta probako azkeneko tartean, korrikan, aldea hartu diet” adierazi zuen Amatriainek bukaeran. Proba bukatu eta gero sari ematea egin zen eta guztiendako auzate ederra prestatu zen Arbizuko Aldabide elkartean. Arbizuko duatloia antolatu ahal izateko 80 boluntario inguru aritu ziren lanean egun osoan, goizean kategoria txikikoen probak jokatu baitziren.

Sakandarrak bikain, Igor Flores buru
Sakandarrei dagokienez, Igor Flores izan zen azkarrena, sekulako lana egin eta gero helmugara 12. postuan heldu eta gero (1:46:44). Sergio Garcia de Eulate izan zen bigarrena, helmugara 18.a iritsita (1:49:10) eta Francisco Javier “Pitxi” Gomez hirugarrena, helmugan 19.a sailkatu eta gero (1:49:35). Lehen arbizuarraren saria Mikel Lakuntzak jaso zuen (2:03:45, 126.a).

Goizean txikienak
Goizean 150 duatletek hartu zuen parte Arbizuko II. Haurren Duatloian, Nafarroako Herri Kirol Jokoetarako baliagarria zen proban. Aurrebenjaminetatik hasita haurren mailako kategoria bitartekoak lehiatu ziren, Arbizun prestatutako zirkuituan.

Peñagarikano eta Maiza kadeteetan nagusi
Kadeteak, 20 partaide, helduen proban lehiatu ziren baina ibilbide erdia osatu zuten. Sakana Triatloi Taldeko kideak izan ziren jaun eta jabe, talde sakandarreko Urko Peñagarikano (56:02) izan baitzen txapelduna. Bere taldekide Iñigo Maiza etxarriarra izan zen bigarrena (1:02:33).


Erlazionatuak

Arbizuko duatloiko helmuga

Guaixe 2014 mar 31 Altsasu

Arbizuko duatloia 2018

Guaixe 2014 mar 31 Arbizu