Josu Lizarraga zilarrezko pilotua Sakana 4x4 Topaketan

Guaixe 2014ko apirilaren 10a

Josu Lizarraga lanean.
33 todoterrenok parte hartu zuten eta Josu Lizarraga bigarrena sailkatu zen. Bi egunak kontuan hartuta 3.000 lagun baino gehiago bildu ziren Arbizun

Jendetsua eta arrakastatsua izan da Sakana 4x4 taldeak antolatutako Sakana 4x4 Topaketa. Larunbatean eta igandean jokatu zen proba, Arbizuko industrialdean. Antolakuntzak zuloz, urez eta lohiez betetako 7 eremu prestatu zituen. Larunbatean, izena eman zuten 33 todoterrenoek norabide batean gurutzatu behar zituzten 7 eremuak, eta, igandean, kontrako norabidean. Eguraldia lagun, jendetza hurbildu zen proba jarraitzera.

“Eguraldi bikaina egin du eta jende asko etorri da. Bi egunak kontuan hartuz 3.000 lagunetik gora etorri dira. Gazteak, familiak, haur txikiak… gozamena izan da” adierazi digu Sakana 4x4 taldeko Jose Luis Lakuntza “Risitas”-ek. 33 todoterreno lehiatu ziren proban, tartean sakandarrak. Bi eguneko lana kontuan hartuta, Iruñeko Txankete izan zen Sakana 4x4 Topaketako irabazlea. Bere atzetik Josu Lizarraga urdiaindarra sailkatu zen, eta Jon Irazola baztandarra izan zen hirugarrena.

Gauekoa
Larunbat gauean gaueko proba antolatu zuten. Kasu honetan 11 ibilgailu lehiatu ziren eta Astigarrarako Iñaki Larrarte izan zen onena, Tutoren eta Etxaniz iruindarraren aurretik.

Sakanako 4x4 taldeko kideak eta boluntarioak kontuan hartuta, 25 lagun inguru aritu ziren lanean Sakanako 4x4 ibilgailuen festa dena antolatzeko. “Dorrobarrak, lakuntzarrak, arbizuarrak, urdiaindarrak, olaztiarrak eta Eskoriatzako lagunak aritzen gara lanean, gustora. Elkarlanean aritu behar gara festa hauek antolatzeko” adierazi digu Risitasek.

Hurrengoa
Sakana 4x4 taldeak antolatuko duen hurrengo proba ekainaren 28an jokatuko da, Arbizuko San Juan festetan. Bitartean Sakana 4x4 taldekoak ingurunean antolatutako probetan lehiatuko dira. “Desiatzen gaude” gaineratu du Risitasek.

www.sakana4x4.com
Taldearen informazio guztia.