Gartziandia karguekin aske

Guaixe 2014ko apirilaren 29a

Epaiketaren zain dago “terrorismoa goratzea” egotzi ondoren.

Iruñeko Guardia Zibilaren komandantzian deklaratu ondoren aske gelditu zen atzo Asier Gartziandia. Bere askatasunaren berri Arbizuko plazan egiten ari zen informazio batzarraren erdian iritsi zen. 100 bat pertsona izan ziren atxiloketa salatzera elkartu zirenak. Atxiloketak salatu zituzten Eleak mugimenduak, Ernaik, Gazte Abertzaleak, Sortuk eta Alternatibak. Adierazpen askatasunaren alde mezu ugari zabaldu ziren sareen bidez egunean zehar.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen agindupean egindako operazioa izan zen atzokoa. Elkarrekin harremanik ez duten 21 pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak. Guztiei sare sozialen bidez terrorismoa goratzea eta terrorismoko biktimak umiliatzea leporatu diete. Halako akusazioak izan diren beste kasuetan akusatuak epaitegietara deitu izan dituzte, atxilotu gabe. Guztiek bi urte arteko espetxe zigorrei aurre egin beharko diete. Antza, Madrilen epaitu beharrean atxilotu bakoitza bere herrialdean epaituko lukete.

Guardia Zibilak leporatu dizkienen artean daude: “desegin ez diren erakunde armatuak atentatuak egiten segitzea, egindako atentatuak goratzea, epaitu eta zigortutako terroristak goratzea, preso terrorista askatuei ongi etorriak, pertsona jakinen kontrako terrorismo aktoak desiratzea eta terrorismo biktimek jasandako min fisikoei erreferentzia umiliagarriak egitea”.

Atxiloketa
Gartziandia 10:15ean atxilotu zuten. Etxetik atera zenean, bi autoetatik jaitsitako kalez jantzitako Guardia Zibilak hurbildu zitzaizkion. Eskuburdinak jartzea ukatu zenean lauzpabost patruila gehiago agertu ziren eta handik ateratakoen artean lurrera bota, burua zapatu eta hala eraman zuten. Inguruan ziren herritarrei atxiloketaren arrazoia jakinarazteko beta izan zuen Gartziandiak.

Atxilotu ondoren, ordu erdi eman zuen patrol batean, Lakuntzan, geldi. Guardia Zibilek behin eta berriz eskatu zioten bere telefono mugikorreko gakoa. Eman zienean eraman zuten Iruñeko Guardia Zibilaren komandantziako ziegara. Bidean hainbat argazki, mezu eta ahots deien transkripzioak erakutsi zizkioten (16 orri) bereak ote ziren galdetuz. Aurreko urteetan hainbat tokitan egon zen ere galdetu zioten bidean.

Konfiantzazko abokatua aldean zuela deklaratzeari uko egin zion 14:00etan eta Iruñeko bidean egindako galdera bat bera ere ez zioten egin Guardia Zibilek. 20:00etan aske utzi zuten. Baina 16:00etan Madrilera eramanen zituztela esan zieten arbizuarrari eta sarekada berean atxilotutako beste gazte bati.