Ezkurdiak eta Retegi Bik aukeratu dute materialea

Guaixe 2014ko maiatzaren 15a

Ostiralean jokatuko dute, Bergaran

Buruz burukoan Retegi Bi izango du arerio Joseba Ezkurdiak. Iker Arretxeren kontra partida bikaina egitetik dator arbizuarra, eta nahiz eta katedrak akaso Retegi Bi pixkat faboritoagoa ikusi, edozer gerta daiteke orain arte elkarren kontra aritu ez diren pilotari hauen artean. Retegi Bik material aukeraketan adierazi zuenez, “txapelketa prestatzeko denbora izan dut, baina sentsazioak ez dira oso onak izan”. Iruindarrak nabarmendu zuenez “Ezkurdiak sekulako partida egin zuen Arretxeren kontra, oso ongi jokatu zuen”.

Arbizuarrak azaldu zuen Iker Arretxeren kontra egin zuen jokoa egiten saiatuko dela. “Denbora daramat Jokin Etxanizekin entrenatzen eta hobetze aldera ordu asko sartzen. Hori da bidea. Nire jokoa egiten jarraituko dut, pilotak altuera hartu dezala, bi eskuekin gozatu eta defendatzea tokatzen denean abiadura sartzen” nabarmendu zuen. Ea zortea ere alde duen.