Kirol berri batez gozatzeko aukera izango dugu igandean Arbizun, Sakana Krew BTT taldeak I. Arbizu Enduro BTT proba antolatu baitu. “Modalitate nahiko berria da. Iaz lehen lasterketa egin zen Nafarroan. Finean, baso edo mendian bizikletarekin jaitsierak egitea da kontua” adierazi digu Sakana Krew BTT talde antolatzaileko Aritz Etxeberria arbizuarrak.
Arbizun 4 jaitsiera prestatu dituzte, Aralar aldean, Arbizuko trenbidetik aurrera, Mirueta gainan, ia Mezaingo bordara iritsita, borden ibilbideetatik barna, Trosketa iturriraino.
Bertara hurbiltzen diren ikusleek salto, abiadura eta jaitsiera ikusgarriez gozatzeko aukera izango dute. “Ikusgarria izaten da. Ia 100 txirrindularik eman dute izena baina guk, arbizuarrok, ezingo dugu aritu, antolakuntzan ibiliko garelako. 30 pertsona inguru ibiliko gara lanean. Eguraldiarekin kezkatuta gaude. Izan ere lokatzarekin txirrindulariak ez du berdin gozatzen. Ea proba polita ateratzen den” gaineratu du Etxeberriak.
100 txirrindularik 4 jaitsiera
Txirrindulariak igandean goizeko 9:00etan abiatuko dira Arbizuko plazatik, banaka, 20 segunduero. Lehen jaitsiera 9:45ean izango da, bigarrena 11:05ean, hirugarrena 11:50ean eta laugarrena 12:40ean. Txirrindulariek denbora bat izanen dute jaitsiera horietara igotzeko, eta gero 4 jaitsierako denborak kronometratuko zaizkie. Jaitsiera guztien denborak kontuan hartuta, azkarrena izango da irabazlea. Proba jarraitzeko toki politenak jaitsierak dira. Antolakuntzak ikusleak kokatzeko guneak prestatu ditu.
Informazio gehiago Facebooken (Sakana DH).