Ikuskizun bikaina Arbizun

Guaixe 2014ko ekainaren 2a

Markel Uriarte nagusitu zen I. Arbizu Enduro BTT proban

Sakana Krew BTT taldeak antolatuta, igandean jokatu zen I. Arbizu Enduro BTT proba Arbizun. Proba honek Sakanan txirrindularitza modalitate berri batez gozatzeko aukera eman zuen. Arbizuko Aralar aldean, ia Mezaingo bordetara iritsita, lau jaitsiera-ibilbide prestatu zituzten antolatzaileek. Txirrindulariek denbora bat zuten jaitsietara horietara igotzeko eta gero, banaka-banaka aterata, lau jaitsiera horien denborak kronometratu zitzaizkien. Mota guztietako salto, aldapa, bihurgune eta zailtasunei egin zieten aurre proba osatu zuten 52 bikerrek. Azkarrena Aretxabaletako Markel Uriarte izan zen (19:07). Bere atzetik sailkatu ziren Beñat Oronoz (19:47) eta Martxel Oronoz (19:53) hondarribitarrak.

Proban ez zen sakandarrik aritu, modalitate honetan ibiltzen diren sakandarrak probako antolaketa lanean murgilduta ibili zirelako.

Facebook (Sakana DH)
Lasterketako informazioa, argazkiak eta beste.