Utzugane, Sakanako garapenerako gune estrategikoa

Guaixe 2014ko ekainaren 5a

Jendea Utzuganeko sarreran.
Sozio-ekonomia eragileen arteko sinergiak sortu eta Sakanara eta kanpora begira erreferentziazko gunea izan nahi du; Sakanako garapenerako motor garrantzitsua bihurtu nahi dute.

Sakanako Plan Estrategikoan (SPE) jasoa dagoen ekintzetako bat da garapena sustatuko duen erreferentziazko espazio bat sortzea da. Toki hori ibarreko sozio-ekonomia eragileen bilgune izateaz aparte, haien arteko sinergiak eta elkarlana sustatuko du. Aldi berean, espazio hori erreferentzia izan nahi du edozein negozio ideia garatu nahi duen edozein sakandarrendako, edo ibarrera etorri nahi dutenendako. Toki hori Arbizuko Utzubar industrialdean dago, Cederna-Garalurren eraikinean. Izena ere badu: Utzugane, Sakanako Garapen Gunea.

SPE aurrera egiteko lanean aritu den Sakantzen Sareko Jon Etxeberriak azaldu digunez, plana garatzen den neurrian garatuko da Utzugane. “Orain arte sozio-ekonomi agenteen (Sakanako Garapen Agentzia, Cederna-Garalur, Sakanako Enpresarien Elkartea, Sakantzen Sarea eta beste) arteko hartu-emanik, sinergiarik ez zegoen. Agente batzuen arteko proiektuak zeuden, baina ez zegoen loturak eta sinergiak sortuko lituzkeen iturririk”. Planaren laguntzarekin dagoeneko loturak sortzen hasi direla esan digu Etxeberriak.

Gehi bat
Bertrand Russellen teoria Sakanarako metafora egokia izan daitekeela uste du Etxeberriak. 2+2=5 da teoria hori. Hau da, “eskualdean sozio-ekonomi agente bakoitza bere kabuz, bere erara ibiltzen zen. Orain ikusten duguna da eragile horiek Utzuganen batuz gero emaitza bost dela. Gehi bat, hori da Utzugane, puntu estrategikoa”.

Dugunarekin gure indar endogenoak sortu, gure esperientziekin gure ekintzaile sistema txikia sortu behar dugula uste dute planeko sustatzaileek. “Ziur gaude Sakanan talentua badagoela. Talentua sustatu behar da hemen, baita kanpokoa hona erakarri ere”. Erdigunea Utzuganen kokatu dute

Hala ere, zentroak funtzionatzeko lau sozio-ekonomi eragileak egotea baino gehiago beharko da: “bertako eta kanpoko eragileek erraztu behar ditugu metodologiak, esperientziak, prestakuntza… Espazio honetan edozein pertsonak bere ideia garatzeko aukera izan behar du, esaterako, enpresa-mintegi bidez, lanerako elkarlan espazioen bidez, prestakuntza ikastaroen bidez…”

Erreferentzia
Utzugane tresna gisa erabiliko dela argitu digu Etxeberriak: “eskualdeko edozein agente edo pertsona, edozein ideia bat martxan jarri nahi badu edo enpresa bat eta zerbait behar badu, gutxienez izan dezatela denek buruan espazio hau hemen dagoela. Ibarrerako garapen ekonomikorako gunea da”.

Kanpora begira ere erreferentziazko tokia izan nahi du Utzuganek ere. “Askotan gertatzen zen, ez soilik eskualde mailan, jendeak ez zekiela nora jo. Bazekiten agenteak zeudela, baina ez non zeuden kokatuak ez ezer. Horretarako Sakanako Garapen Gunea puntu estrategikoa izanen da”.