Sanferminetako Binakako Torneoan sartu ziren asteazkenean Joseba Ezkurdia arbizuarra eta Abel Barriola. Lehen jardunaldia galtzetik zetozen Xala eta Rezusta zituzten aurkari. Arbizuarra eta leitzarra ziren faborito nagusiak baina Xalak eta Rezustak ere irabaztea nahi zuten. Partida oso lehiatua izan zen, 21erako berdinketara iritsi zena. Eta, garaipenaren azken tantoa Xalaren eta Rezustaren aldekoa izan zen. Tamalez, punturik gabe geratu ziren Ezkurdia eta Barriola.
Datorrena
Binakakoaren hurrengo partidan, Bersaluze II.a-Beroizen kontra jokatuko dute Ezkurdia-Barriolak ostiralean, 22:15ean hasiko den jaialdian (ETB1). Aukeraren bat izateko irabaztera behartuak daude. Momentuz, gauzak hobe dituzte Retegi Bik eta Zabaletak, lehen partida irabazi zutelako. Olaizola II.aren eta Ladis Galarzaren kontra aritu beharko dute larunbat arratsaldean, 17:00etan.
Multzo bakoitzeko onenek final handia jokatuko dute sanferminetako azken egunean, astelehenean, 22:15ean (ETB1).