Atzo San Juan ermitako olibondoaren inguruan egindako ekitaldiaren jarri zuten Palestinako bandera Arbizuko udaletxean. 50 bat pertsona elkartu ziren udalak deitutako ekitaldian. Gazaren kontrako Israelen erasoa salatu eta elkartasuna adierazteko trikiti doinuak, olerkiak, lore eskaintza eta Martxelo Diaz kazetari eta brigadistaren hitzaldia izan ziren.
Miren Mendinueta alkateak udalak onartuko duen mozioa irakurri zuen ekitaldian. Israelek Gazaren kontrako eraso militarra salatzearekin eta arbuiatzearekin batera, Arbizuko Udalak hura lehenbailehen eteteko eskatu dio Israeli. Ondoren, su eten orokorra indarrean jartzea nazioarteko begiraleen bermearekin. Su etena indartzeko hainbat konpromiso eskatuko ditu Arbizuko Udalak: Gazako blokeoa altxatzea eta populazio zibilak pairatzen dituen beste zigor neurriak bukatzea. Palestinako estatua sortzeko helburuz elkarrizketa inklusiboak egitearen alde agertuko da udala, “sufrimendua eteteko eta eskualdera egonkortasuna bueltatzeko”.