Jon Arretxek Toure protagonista duen sagako hirugarren alea maiatzaren 26an aurkeztu zuen: Hutsaren itzalak (Erein, 2014). Aurreko bi liburuen ardatza Toure bera zen, bere zirkunstantziak, bere egoera bera. Hirugarren honetan, ordea, sortzen zaizkion arazoak dira irakurlea katigatuko dutenak. Kritika sozial handia dagoela nabarmendu du egileak berak.
Arbizukoa Toure protagonista duten hiru nobela oso ezberdin egin nahi izan ditu. “Bestela, saga bat egiten duzunean Toureren beste bat izateko arriskua dago. Denak berdin. Eta nik nahi nuen nobela bakoitzak bere nortasun berezia eta desberdina izatea nahi nuen”. Idazleak adierazi duenez, 19 kamera (Erein, 2012) dokumentalagoa izan zen, “hasiera klabean idatzia, Toure aurkeztu behar nuen: Burkina Fassokoa, Euskal Herrian daukagun ghetto handienean, Bilboko San Franzisko auzoan, patera pisu batean bizi dena. Ezaugarri oso egokiak ditu auzo horrek nobela beltzak kokatzeko”.
612 euro (Erein, 2013) liburuan umorearen alde egin zuen gehien bat. “Umore absurdoa, zentzugabea, niri asko gustatzen zaidana”. Hirugarren hau “trama indartsua eta erritmo azkarreko nobela egin nahi izan dut. Irakurlea harrapatu eta aurrera, aurrera, aurrera segi dezala”. Gogorragoa dela aitortu du. “Beltzagoa, gordinagoa. Tourek gehiago sufritzen du. Aurreko bietan afrikarrek duten positibismo horrekin edonola dena gainditzen du. Liburu honetan arazo larriagoak sortzen zaizkio. Bolada txarrean dago beti, baina oraingoan bere ohiko lantxoak okerrago doaz”.
Idazlearen arabera, protagonista gizajoak krisi hirukoitza jasaten du: krisi ekonomikoa, San Frantzisko auzoko krisia (%40tik gorako langabezia) eta Toure paperik gabe segitzen du sasi-abokatu batek, beste askori bezala, iruzur egin diolako eta 2.000 euro atera diote. Eta txarrena, bere egoeraren berri duen ertzain-sekreta saiatzen da xantaia egiten, bera salatari izan dadin. Auzoto mezkita berrian, trapitxeoak egiten diren lokutorioan… salatari bat nahi du poliziak.
Emakumeak
Lau emakumek sekulako pisua dute Arretxeren azken sorkuntzan. Lehenengoa Toureren alaba da, Sira, 18 urte inguru ditu eta Parisen bizi da. Umeak zaintzez bizi dela esaten dio, baina Toure ez da fio. Sumatzen du beharbada bere inguruan ikusten duen prostituzio mundu horretan sartuta dagoela. Alabak esaten dio bisitan joanen zaiola. Toure poz-pozik dago albiste horrekin, paperik ez duenez, ezin baita Parisa joan. Sira ez da Hendaiako tren geltokira iristen. Damutu da, desagertu da, bahitu egin dute…
Hori du abiapuntua liburuak. Bigarren emakumea Sa Kene da, Toureren amorantea. Paperik gabe Toure ezin da Hendaiara joan eta Sa Kene bidaltzen du alabaren bila. Oraingoan bera da ikerlari nagusia.
Hirugarren emakumea, prostituta nerabe nigeriar bat da, Uwa. San Frantzisko-Las Cortes aldean bizi dena. Afrikako ibilbide gogorrean haurdun gelditu zen. Lehen prostitutak abortatzera behartzen zituzten jardunera berehala bueltatzeko. Uwari umea kendu zioten edo saldu egin zuen, hobe esateko. Damutu egin da eta hura berreskuratzen Tourek laguntzea nahi du. Mafia nigeriarrari aurre egitea arriskutsua bada ere, errukitu eta lagundu eginen du.
Laugarren emakumea Mariam emaztea da. Gorom-Goromen, Burkina Fason, bizi da. Zain egotea beste erremediorik ez du. Tourek paperak lortu arte ezin du familia Euskal Herrian batu eta Mariamek zirt edo zart egin nahi du: alaba eta senarra hara joan edo bera hona etorri. Lehena bada, hobe. Berriak jasotzeari uzten dio eta kezkatu egiten da, zerbait txarra gertatu denaren susmoa du. Itxaronaldi tristea du.
Toure Ibaizabalen kokatzen du akaberan, halako zapore gazi-gozoa utziz, akabera irekian, irakurleak interpretatu ahal izateko. “Hau horrela utzita trilogia moduan ere ongi egonen litzateke. Hiru nobela oso ezberdinak dira. Nik hasieratik argi neukan hau hasieratik serie bat izanen zela. Irakurleari Toure gustatuz gero argi neukan serie luzea izanen zela. Eta jendeak Toure estimuan hartu du, mezuak jaso ditut. Eta bai, egonen da laugarren bat”.
Hainbat gai
Emakumezkoen salerosketa da Arretxek liburuan aipatzen dituen gaietako bat. “Hiri handietan prostituzioan ikusten diren emakume afrikarrak normalean nigeriarrak dira, nahiz eta beste herrialde batzuetatik etortzen hasi diren. Neska gazteak izanen dira. Nigeriatik abiatzen direnetik hona iristeko, bataz beste, bi urte behar dituzte. Bidean sufritzen dutena tortura hutsa da. Bideko senarra dute tartean, eta nahi duena egiten du: jipoitu, bortxatu, gaur honekin oheratu behar duzu, bihar horrekin… Dena baimenak, zigiluak lortzeko. Poliziak edo funtzionarioak izan litezke, botere apur bat duten guztiak. Sekulakoa sufritzen dute. Sekulako sarea dago muntatuta”.
Orain haien umeekin trafikatzen hasi direla jakinarazi digu idazleak: “hainbeste bortxaketa gertatuta normala da haurdun gelditzea. Lehen abortatzera behartzen zituzten, prostituzioan segitzeko. Orain ume horiek era askotara esplotatu ditzaketela konturatu dira mafiosoak”. Moduetako bat pateran pasatzen diren emakumeei umea alokatzea da, horrela muga errazago pasa dezaten. “Seme-alaba dela esan eta lehen errazago uzten zieten sartzen. Lehen egia esaten zen. Polizia horren berri badu eta amari eta umeari DNA probak egiten hasi da. Ume horiek, bestela, prostituzioan pedereastendako erabiltzen direla esaten da. Sekulako istorio latzak entzuten dira”.
Halakoak San Frantzisko auzoan prostitutei konpainia, aholkua eta laguntza ematen dien Askabide elkartearen egoitzan, besteak beste, entzuten dituela azaldu du Arretxek. Bestalde, liburua tarta jaurtiketa batekin hasten da eta tartalarien aipamena egiten du. Aipatzen duen bestea, denboraren bankua da. “San Frantziskon ez dute dirurik eta denbora bankuak oso ongi funtzionatzen dute. Elkarri laguntzen diote, zerbitzuak elkar trukatuz. Tourek informatika ikasketak behar ditu eta bera edozertarako eskaintzen du bere burua: frantzes klaseak eman, magia irakatsi…”
Hutsaren itzalak, izenburua
Aurrekoetan bezala zenbaki bat eta hitz bat zituen izenburua nahi zuen Arretxek izenbururako eta Lau emakume egokia zela pentsatu zuen. Baina argitaratu aurretik irakurri ziotenak esan zuten ez zela nobelaren ardatza. “Nobelaren filosofia kontuan izanda zero izan zitekeen zenbaki bakarra, Toure maila horretan dagoelako zero edo zero azpitik, oso-oso pott eginda”. Zero zenbakia idatzita o gisa irakur zitekeenez, huts hitzaren alde egin zuen. “Hutsik dago Toure. Atzerritar pobreok zer gara bertokoendako, itzalak, ikusezinak, ez daukagu paperik, inor akabatzen bagaitu edo desagerrarazi inor ez da kezkatuko, ez da ezer gertatu. Hori da tituluaren esanahia. Hori da benetan etorkin asko, zoritxarrez”.
Izenburuak jartzea batzuk oso erraz. Batzutan aurretik. Batzuk idatzi ahala. Orain inprentan zegoen ia eta ni bueltaka zein titulua ezin asmatu. Cristina Fernandez itzultzaileak poema bat aipatu zuen eta hortik etorri zen eta Hutsaren itzalak izenburua eman dio. Sombras de la nada (Erein, 2014) gaztelaniaz.
Irun, Hendaia, Baiona
Ezberdina egiteko, San Frantziskotik atera nahi zuen. “Hendaian gauza batzuk gertatzen dira. Baionan asko eta Irunen ere”. Muga kontzeptua ere aprobetxatu nahi nuen. Toure animatzen denean eta ezkutuan muga pasatzen duenean, mugazainik eta kontrolik ez dagoela ikustean europarrek afrikarren aldean duten zoriaz hausnartzen du. Burkina Fasora ere puntualki ere eramaten gaitu Arretxek, afrikartasun puntu hori erakusteko.
Liburuak dituen bost ataletatik bik emakume izenak eta hirutan ibai izenak dituzte. Ibaizabal, Bidasoa eta Aturri. Hiru itsasadar, hiru horietan kokatzen gaituztenak. Itsasoaren uraren gazia, bestearen gozoa. Muga kontzeptua berriro, azken bi horietan.
Umeendako idazten
Uda partean, Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, Jon Arretxe umeendako liburu bat atera nahian dabil. Bakarra du arlo horretan, Harresi handirantz (Alfaguara-Zubia, 1997). “Kasualitatez, liburu borobila atera zitzaidan, ni ez bainaiz haur literaturako idazle. Arrakasta handia izan zuen eta toki guztietan irakasle eta ikasleen eskaerek animatu naute, batez ere”.
Orduko hartan Sri Lankako mutiko bat asmatu zuen. Txinaraino ailegatu behar zuen Asia zeharkatuz, altxor baten bila. Bidean ipuinak entzuten zituen… Orain ume afrikar bat asmatu du Arretxek. Horrek ere kontinentea zeharkatu beharko du honako bidean. Bideko abenturak eta beste jasoko ditu kontakizunean.