Berastegiren haurrendako antzezlana etzi mustuko da

Guaixe 2014ko ira. 19a, 15:15

Antzezlana, estreinakoz, Nafarroako Antzerki Eskolan emanen da igandean, 18:30ean. 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako ikuskizuna da. 

Zoila Berastegi Mariñelarenak joan zen urtean Nafarroako Antzerki Eskolak, Iruñeko Udalaren laguntzaz, antolatu zuen haurrendako antzerki-testu lehiaketa irabazi zuen. Pluton: hor konpon Marianton izenburuko testuak eman zion saria. Testua antzezlan bihurtuta ikusteko aukera izanen du Berastegik. Baina ez hori bakarrik. Nafarroako Antzerki Eskolaren ekoizpenean antzezle gisa ere parte hartuko baitu arbizuarrak.  

Berastegik azaldu zuenez, kultur talka bat eta ingurumena dira antzezlaneko gaiak, “modu erraz eta ulergarrian” tratatzen direnak. Ama lurraren natura-baliabideak etengabe ustiatzen direla eta haiek agortzen ari direla ikusirik, Xerafin eta Katixa astronautei beste planeta batzutan ura bilatzeko egin beharra jarri zien Berastegik. Bilaketa misioan hainbat abentura biziko dituzte protagonistek. 

Saria jaso berritan arbizuarrak esan zigunez, “bi munduk elkar topo egiten dute: lurtarrak eta plutondarrak”. Berastegik zehaztu zuenez, “alde batetik, nola bizi dugun desberdina den hori. Desberdina den horrekin topo egiten dugunean zein erreakzio ditugun”. Eta bestetik, ingurumenaren gaia ere azaltzen da: “lurtarrak Plutonera joan beharra dute lurrean urik gabe gelditu direlako. Han plutondarrek beste arazo bat dute, ur gehiegi dutela”. 

Azaroan

Iruñeko ikasleendako emanaldi bikoitzak izanen dira azaroaren 18an, 19an eta 20an, goizez. 

Fitxa

Egilea: Zoila Berastegi

Zuzendaritza: Axolote Antzerki Trup eta Nafarroako Antzerki Eskola. 

Antzezleak: Zoila Berastegi, Maria Zapata, Oier Zuñiga eta Juanan Oiarzun.