Seigarrenez antolatu du Arbizuko Udalak Txistor eguna. Etzirako dena guztia prest dute. Etziko ospakizunarekin Arbizu bera eta herrian lantzen den produktu bikaina, txistorra, ezagutzera eman nahi udalak. Urtetik urtera gero eta izen handiagoa hartzen ari den erakusleiho ederra da Txistor eguna. Miren Mendinueta alkateak txoko ezberdinetako herritarrei Arbizura gerturatzeko gonbitea luzatu die.
Egunari izena ematen dion produktua, txistorra, izanen da eguneko protagonista. Embutidos Arbizu, Flores Estekiak, Anastasio Razkin harategia eta Laket Artesanos etxeek emandako 140 kilo txistorra banatuko dira goizean. 1,5 euroren truke txistor pintxoa eta ardo ondu edalontzi bat dastatzeko aukera izanen da.
Tailerrak
Berrogeita hamar bat arbizuar ariko dira etzi Txistorra eguna aurrera ateratzeko lanean. Haietako askok txerrikiarekin zerikusia duten erakustaldietan parte hartuko dute. Guztiak ere eliz ondoko jolas parkean egonen dira. Alde batetik, txerria zatikatzen ikusteko aukera izanen da. Bestetik, tripota, txistorra, xaboia eta lixiba, txantxigorri, birikak, txerri hankak eta belarriak egosteko tailerrak egonen dira. Azken bi produktu horiek egosi eta frijitu ondoren salgai jarriko dituzte. Tailerretan aurtengo berrikuntza sendabelarrena izanen da.
Pintxo lehiaketa
Sukaldean irudimena eta abilezia erakusteko aukera ere ematen dut txistorrak. Horregatik, pintxo lehiaketa antolatu du atzera ere udalak. Aldabide elkartean prestatu beharko dituzte lehiaketara aurkeztutako gutiziaren 5 ale. Lehiaketan aritzeko izena zazpi parte-hartzailek eman dute: Karrika taberna, Baxerri erretegia, Kiroldegi taberna, Arrautseko taberna, Olatzea hotela, Jubilatuen taberna eta Eskolako guraso elkartea.
Txistor pintxo lehiaketarako epaimahaia, aurten ere pisuzko pertsonaiek osatuko dute: Javier Diaz (Alhambra jatetxeko sukaldari nagusia), Fernando Flores (Enekorri jatetxea), Helena BM (gastronomiako blogaria) eta Joseba Ezkurdia (pilotaria). Haien epaiak 300 euro emanen dizkio irabazleari.
Txikiak
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere haur arbizuarrak izan dira Txistor eguneko ekitaldietan parte hartzen lehenak. Atzo goizean eskola eta ikastolako txikiek elkarrekin talo tailer batean parte hartu zuten elkarrekin. Taloa egiten ikasi zuten. Txistorra, jakina, ez zen urruti ibili. Aurreko urteetan harategi bat edo txistorra ekoizten duen enpresa batera bisita egin izan dute, edo Anastasio Razkin harakina bisitan joan eta azalpenak eman izan dizkie.
Egitaraua
10:00etan Txistor egunaren hasiera eta merkatuaren irekiera.
10:00etan Herriko txistulariak herrian zehar.
10:00etan Xapiru trikitixa eskola.
11:00etan Aate plazan.
11:30ean Pintxo lehiaketaren hasiera.
15:00etan Herri bazkaria (babarrunak sakramentu guztiekin).
17:30ean Aizkolariak.
19:00etatik 21:00etara Jon Ostolaza eta Narbaiza trikitilariak.
20:00etan Aate.
Zotola
Kiroldegi pareko belardian, aurreko urteetan bezala euskal arrazako txerria ikusteko aukera izanen da. Zotola konpondua mustuko dute.
Azoka
Gero eta gehiago dira Arbizun postua jarri nahi duten artisauak. Aurten inoiz baino gehiago izanen dira, 42: Enrique Gastaka (pastelak, Laudio), Juan Carlos Otero (pilotak, Anoeta), Aitziber Erasun (zilarrezko bitxigintza, Doneztebe), Marta San Migel (euskal panpinak, Donostia), Cerveceria Artesana Navarra (garagardoa, Mutiloa Beiti), Segurako Taloak (taloa, Segura), Alazne Juaniz (poltsak, Etxarri Aranatz), Ataungo Taloak (taloa, Ataun), Galburu okindegia (ogia, Lekunberri), Cristina Flores Jaka (Arbizu), Cesteria Garralda (saskiak, Iruña), Nafarroa Bizirik (Enneco memoria parkea), Pastas Olite (pastelak, Erriberri), Elvira Barcelo (bitxiak, Araia), Sojo natura (jaboiak-kremak, Lekunberri), Xabier Iturrioz (oinetakoak, Eraso), Fernando Zubiria eta Ines Jimenez (piper erreak, Azkoien), Mirian Aldabaltreku, Dulces Virgen de Ujue (garrapiñatuak, Tafalla), Jose Antonio Lujanbio (eztia, Goizueta), Leire Belaustegi (pastelak, Izarra), Placido Tainta Ausenjo (mahatsa eta baratxuriak, Faltzes), Anastasio Razkin harategia (txerrikia, Arbizu), Gorka Flores (gazta, Arbizu), Vialdea SL (eztia, Iruña), Katealde (ahatekiak, Altsasu), Legarbeko karakolak (karakolak, Etxarri Aranatz), Jaunaneko gazta (gazta, Arbizu), Laket artesanos (txerrikiak, Arbizu), Arbizu SL (txerrikiak, Arbizu), Embutidos Flores (txerrikiak, Arbizu), Fernando Gozotegia (pastelak, Hernani), Chani Espinosa (pastelak, Latasa), Antonia Mrgiondo Alustiza (baserriko produktuak, Gabiria), Peio Lazkoz Razkin (harria, Arbizu), Jeingenekoa (esnekiak, Etxarri Aranatz), Conservas del Reino (kontserbak, Lakuntza), Julen Karasatorre (gazta, Etxarri Aranatz), Mahala (baserriko produktuak, Leaburu), Imma Montosa Sanchez (mermeladak, Ororbia), Mª Angeles Estanga Reparaz (babak eta gazta, Donostia) eta Mañekoazpi SL (pastelak, Mallabia).