Txistorrari emanak

Guaixe 2014ko urriaren 13a

Txerritik sortutako txistorra, odolkiak, xaboia eta beste nola egiten ziren ikusteko aukera aparta izan zuten atzo Arbizura hurbildutako guztiek. Jakina txistorra dastatzeko aukera ugari egon zen. Ez zen, alferrik, jaki horri eskainitako eguna. Arbizura joandako askok, gainera, poltsa betearekin egin zuten buelta; Kale Nagusian zeuden 42 postuetan tentazio ugari baitzeuden.
 
Zortzi izan ziren pintxo lehiaketara aurkeztu ziren parte-hartzaileak: Baxerri erretegia, Arrautseko, Karrika eta Kiroldegi tabernak, Ekokanpina, Olatzea hotela, Jubilatu elkartea eta Guraso elkartea. Epaimahaiak Arrautseko tabernari eman zion saria. Jon eta Gorka Iriartek ohiko txistorra eta arrautzak pintxoaren moldaketa aurkeztu zuten eta harekin lortu zuten 350 euroko saria.