Axun Urkia
Zangozako ikastolako irakaslea. Arbizu
1. Nolaz Zangozako ikastolan?
Ikasketak bukatu eta hainbat ikastolatan aritu nintzen eta ondoren Zangozara, lana zegoen lekura! Hemen hiru irakasle sakandar aurkitu nituen: Blanki eta Margari etxarriarrak eta Maite Altsasuarra. Halako leku bat euskalduntzea erronka modura hartu nuen. Zangozan 27 ikasturte daramatzat. Lehen Hezkuntzako goi zikloan nabil tutore modura eta plastikako irakaslea naiz LHn.
2. Zenbat ikasle ditu ikastolak?
250 ikasle dira. 0-3 ziklotik DBHra arte irakasteko aukera dugu.
3. Zein herrietakoak?
Inguruko herrietakoak: Esa, Xabier, Oibar, Kaseda, Undues, Arbontze, Leatxe, Lerga, Ledea, Sada eta Gabarderal. DBH egitera Irunberriko ikastolakoak ere etortzen dira.
4. Eremu “ez euskaldunean” dago ikastola. Zein ondorio du horrek?
Euskaraz eta euskal kultura ikasteko leku bakarra dugu ikastola, horregatik ikasleek euskararekin duten harremana mugatua da; arlo akademikoari lotuta dago gehienbat. Ez dute euskara beste eremu batzuetan apenas erabiltzeko aukerarik.
Gurasoen euskalduntzea ere oso garrantzitsua da, euskara bere bizitzaren parte kontsideratzeko. Eremu ez euskaldunean egonda diru-laguntzak eskasak dira, eta horrek ez dio egoerari laguntzen. Hala ere, esan beharra dago euskararen alde lan egiten duten taldeak badirela: Bi Haizetara euskara taldea eta AEK, esate baterako.
5. Zein batzordetan ari zara lanean?
Hasieran, artea oinez erakusketak prestatzen aritu nintzen. Bertan, lau artista sakandarrek, Dora Salazar, Txuspo Poyo, José R. Anda eta Mikel Okiñenak parte hartu zuten. Ekainean honekin bukatu eta Oinez Basoa proiektuan sartu nintzen.
6. Nafarroa Oinezekin lortutako dirua zertara bideratuko da?
Batetik, Haur Hezkuntzako eraikina egin genuenean eskatutako mailegua kentzea edo gutxitzea da gure helburu nagusia. Bestalde, LH eta DBHko eraikina egokitzea eraginkortasun energetikoa hobetuz.
7 Zangozako beste Nafarroa Oinezik ezagutu baduzu, zein da aldea?
Bai, 1998koan egon nintzen. Urteak pasatu dira, eta antolamenduan aldea dago. Aurrekoan egunerako prestatzen zen dena, festan zentratzen zen. Orain, urte guztian zehar ekintzak antolatzen dira, demagun, oinez basoa, artea oinez, gailurra proiektua, txikiak handi… Dena den, bai oraingoan eta bai aurrekoan AUZOLANA da oinarria.
8. Dena prest?
Bai. Azken aste honetan zerura begira eguraldia dela eta, baino atertuko du eta eguraldi ona izanen dugu.
9. Zer ematen du Zangozako ikastolan lan egiteak?
Lehen esan dizudan bezala, niretzat erronka bat da. Eremu "ez euskaldun" honetan euskara erakustea eta Zangoza aldean euskararen hizkuntza eskubideak ahalbideratzen laguntzea sekulako erronka da niretzako. Euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko eskubidea dugulako, euskararen normalizazioaren bidean jarraituko dut lanean.
10. Zein osasun du euskarak Zangozan? Garapenik bada? Zein zentzutan?
Nik 27 urte hauetan aldaketa handiak ikusi ditut. Ikasleak izandakoak irakasleak eta gurasoak dira, guraso askok ere AEKn euskara ikasten ari dira. Gero eta gehiago entzuten da euskara kalean. Normalizazioaren bidean gabiltza.
11. Eta igandean: Esan, izan, gozan. Zergatik joan beharko genuke?
Batetik, euskararen festa den aldetik, euskaltzale guztiok topo egingo dugun eguna delako. Ekintza eta ikuskizun asko egongo direlako eta familiarekin, lagunekin pasatzeko egun paregabea izan daitekeelako.
Bestalde, eremu ez euskaldunean egonik, traba handiak daude euskara eta euskal kultura aurrera ateratzeko, eta Nafarroa Oineza etortzea egoera honekin bukatu nahi duzunaren adierazlea delako.