Espiriturako musika

Guaixe 2014ko urriaren 24a

Bikote musikaria eta yogia.

Bihar, 20:00etan Arbizuko ekokanpineko Amari yoga magiko eskolan Terry Oldfield eta Soraya Saraswati.

Musikan nazioartean itzal handia duen abizena da Oldfield. Mike eta Sally anai-arrebekin batera musikan aritzen da ere Terry Oldfield. Azken horrek eta bere bikote Soraya Saraswatik kontzertua eskainiko dute bihar Arbizun. Terry Oldfieldek argitaratu berri duen Sweet Awakenings (New Earth Records) diskoa aurkeztuko du. Aurrekoetan beste hainbat musikariren laguntza izan ondoren (tartean anaia) bakarkako lana da Arbizun aurkeztuko duena.

Zeharkako txirula izanen da Olfieldek eta Sorayak eskainiko duten emanaldiaren ardatza. Instrumentu horren soiltasuna gitarra akustikoaren, pianoaren, teklatuen eta sintetizadoreen laguntzaz osatuko du. Doinu nagusiki akustikoak, ihesbide egokia.

Australian bizi den bikote musikari eta yogiak, biharko emanaldiaren ondoren, etzi tailerra eskainiko du ekokanpinean: barne lasaitasunaren zientzia.