Ezkurdiak Olaizola aurkari

Guaixe 2014ko azaroaren 16a

Lau t´erdiko final erdietara sailkatzeko ez du aukerarik arbizuarrak, baina itxurarik onenarekin despeditu nahiko du bere jarduna

Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako 3. Jardunaldia
Bengoetxea VI.a 22 – Mikel Olaetxea 9
Xala – Retegi Bi (ostiralean, 22:00etan, Oñatin. ETB1)
Irujo – Saralegi (bertan behera, Saralegik ez jokatzea erabaki du)
Ezkurdia – Olaizola II.a (igandean, 17:00etan, Atanon. ETB1

Aimar Olaizolaren kontra ariko da Joseba Ezkurdia Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako 3. eta azken jardunaldian. Aurreko bi jardunaldiak galtzetik dator arbizuarra, eta nahiz eta finalerdietara pasatzeko aukerarik ez izan, ahalik eta itxura onena eman nahi du arbizuarrak, txapelketa garaipenarekin despeditzea handia bailitzateke. Olaizolak finalerdietara sailkatzea du jokoan eta irabaztera aterako da. Bera da faborito nagusia, baina ea Ezkurdiak sorpresa ematen duen.

Lau T´erdiko hiru partida asteburu honetara atzeratu dira. Saralegik ezker eskuko hatz luzeko puntan haustura zuenez, bera eta Irujoren kontrako partida asteburu honetara atzeratu zuten. Enpresek Aimar Olaizolaren eta Joseba Ezkurdiaren partida ere atzeratzea erabaki zuten eta Xalaren eta Retegi Biren artekoa ere atzeratu egin zen.

Ezkurdia, aukerarik gabe
Aurreko astean, A multzoan, Bengoetxeak 22-9 irabazi zion Olaetxeari eta leitzarra lau t´erdiko final erdietara sailkatu da. Joseba Ezkurdiak Aimar Olaizolari irabazten badio sailkatuko litzateke Mikel Olaetxea finalerdietarako. Aimar Olaizolak Joseba Ezkurdiaren kontra irabaztearekin lortuko luke finalerdietan egotea. Eta Joseba Ezkurdia aukerarik gabe geratu da. Finalerdietara sailkatzeko arbizuarrak Olaizolaren kontra 16 tantoko aldearekin irabazi beharko luke eta Bengoetxeak Olaetxearen kontra galdu beharko luke, baina Bengoetxeak Olaetxeari irabazi zionez, ez dago ezer egiterik.

B multzoan Saralegik erabaki du ez duela Irujoren kontrako partida jokatuko, ezker hatzean duen haustura ez zaiolako sendatu. Horregatik, Irujo zuzenean sailkatu da finalerdietarako. Finalerdietara sailkatuko den beste pilotaria nor izango den jakitea falta da, Saralegi edo Xala, Retegi Bi aukerarik gabe geratu baita. Saralegi finalerdietarako sailkatuko da Retegi Bik Xalari irabazten badio. Aldiz, Xala finalerdietarako sailkatuko da Julen Retegiren kontra irabazten badu.