Larunbatean Arbizuko Andra Mari ikastolak bere 40. urteurrena ospatu zuen. Omenaldi ekitaldi baten bidez, urte hauetan guztietan izandako oztopo, laguntza eta bestelako bizipenak gogora ekarri eta duela berrogei urte ikastolaren proiektua abian jarri zutenei esker ona adierazi nahi izan zieten. Ekitaldia izatez Arbizuko plazan zen egitekoa, baina eguraldi txarra zela eta, txiki geratu zen udaleko batzar aretora lekualdatu zen. Hamabietarako aretoa jadanik jendez gainezka zegoen, eta bertaratutako askok ekitaldia ate ertzetik ikusi behar izan zuten.
Ordubete inguruko omenaldia izan zen, zeinetan kantu, bertso nahiz esker hitzak aditu ahal izan ziren. Lehenik eta behin, ikastolako lehenbiziko ikasleek eta gaur egungoek Alain Iriartek prestatutako bertso bat abestu zuten. Horren ondoren, Andra Mari ikastolako lehendakari den Igor Artiedak hitza hartu zuen. Hark ikastola sortzeko lehen haziak erein zituzten gurasoei esker hitzak zuzendu zizkien: “Gaur egun Arbizun hezkuntza proiektu sendo bat badugu, hein handi batean guraso haiei esker da. Ikastolaren proiektuari ekiteko diktadura garaian beren seme alaben hezkuntza arriskatu zuten, zerotik hasi baitziren. Ausardia handiz jokatu zuten”.
Artiedaren ondoren, Andra Mari ikastolako ikasle ohi batzuek “Bai euskarari” kantua abestu zuten. Udalaren izenean Jesus Mari Mendinueta mintzatu zen. Haren esanetan, Arbizuko udalak betidanik eman dio laguntza ikastolari, eta hala egiten jarraituko du. “Udaletik ikastolaren proiektua oraindik beharrezkoa dela ikusten dugu, eta horri laguntzen segituko dugu, behar dituzten baliabide guztiak beren esku utziz”, gaineratu zuen Mendinuetak.
Ibilbideaz
Ekitaldirako preseski prestatutako bideo bat proiektatu zen, zeinetan ikastolaren 40 urteko ibilbidearen errepaso bat egiten den. Andra Marin ibilitako ikasle, irakasle, sortzaile zein gurasoen adierazpenak biltzen dira bideoan. Haiek adierazten duten bezala, hasierako urteak oztopoz beterikoak izan ziren, ia hilabetero lekuz aldatu behar izaten baitzuten, eta baliabide aldetik ere gabezia handiak zituzten. Instituzioetik laguntza gutxi izan zuten. Soilik Principe de Vianatik jaso zuten babesa, baina hau ere nahiko mugatua zen. Hala ere, bideoan ongi erakusten den bezala, gurasoen elkartasunaren eta auzolanaren bitartez proiektua aurrera ateratzea lortu zen.
Bideoa proiektatu eta gero, Patxi Leiza ikastolaren sortzaileen izenean mintzatu zen. Hunkidura ezin izan zuen estali: “Hemen esan dituzuen guztiek bete egiten gaituzte. Eskerrik asko, benetan”. Leizaren arabera, hasieran zituzten aurreikuspen guztiak bete dira, eta hori, hein handi batean, gurasoen partetik jasotako babesarengatik izan da. Hortaz landa, ikastolaren bidea gurasoek euren kabuz markatu behar dutela gaineratu zuen, besteengandik ezin baita gehiegirik espero. “Inplikazioa izanda, lan asko eginda, ametsak egia bihur daitezke”, azpimarratu zuen Leizak.
Ekitaldiari amaiera emateko, sortzaileen omenez lau dantzarik aurreskua dantzatu zuten, eta ondoren, hamaiketakoa izan zen beheko solairuan.