Baldaren atxiloketa herrian barna salatuta

Guaixe 2015eko urtarrilaren 13a

Arbizun sakabanatuta, 300 bat herritar talde txikitan banatuta atxiloketagatik protesta egin zuten. Balda Madrilgo Tres Cantosko kuartelean dute.

Jendea pasabidean zela, Arbizuko udaletxeko bilkura gela txiki gelditu zen atzo Fran Baldaren atxiloketaren inguruko herri batzarrean. Batzarrean jakinarazi zutenez Balda atxilotu eta berehala Madrilera eraman zuten. Guardia Civilak gaur hasiko da atxilotuak galdekatzen. Balda, beraz, gaur edo bihar pasako da Eloy Velasco epailearen aurretik.

Atzoko batzarrean eta Baldari zer gertatuko zaion argitu artean, atxiloketagatik protesta egiteko deia luzatu zuten. Hala, udaletxeko batzarrean parte hartu zuten guztiek protesta adierazteko kontzentrazioak egin zituzten. Talde txikitan atxiloketaren salaketa Arbizu guztira zabaldu zuten. Ordu laurdeneko elkarretaratzeak egin zituzten. Batzarraren aurretik Guardia Civila aurrera eta atzera ibili zen Arbizun. Kontzentrazioak hasi zirenean kale nagusia ere moztu zuten bi patrolek, Karrika tabernaren parean jarrita.

Gaurko Sortu alderdiak espetxe politika salatzeko deitutako kontzentrazioetan parte hartzera deitu zuten. Atxiloketaren jarraipena egiteko biharko, 20:00etan, batzar berria deitu dute Arbizun.