Arbizuko Udalak Baldaren kartzelaratzea gogor salatu du

Guaixe 2015eko urtarrilaren 15a

Larunbatean Donostian eta otsailaren 1ean Arbizun burutuko diren manifestazioetan parte hartzeko deia zabaldu du

Astelehenean 16 euskal herritarren atxiloketaren eta Fran Balda arbizuarraren eta beste bi euskal herritarren kartzelaratzearen aurrean, Arbizuko Udalak, lehenik eta behin babes osoa adierazi nahi die Baldaren senitartekoei. Udalak gaineratu duenez, kartzelara bidali dituzten 3 euskal herritarrak, Balda tartean, “presoen eskubideen defentsan aritzen dira, pertsonen giza eta defentsa eskubideak babesteko lanean”. Horregatik beraien kartzelaratzea “gogor” salatu du Arbizuko Udalak. Halaber, Udalak adierazi duenez, “atxiloketa hauek Euskal Herrian irekitako bake, demokrazia eta askatasunaren bide berriaren kontrako erasoak dira. Estatu espainolak, berriro ere, bere izaera ez demokratikoa erakutsi du. Ilbeltzaren 10ean milaka euskal herritarron aldarrikapenari jaramonik ez, eta oinarrizko eskubideak urratzearen aldeko apustua egin du”.

Manifestatzeko deia
Honen guztiaren aurrean, larunbatean 17:00etan Donostian eta otsailaren 1ean Arbizun burutuko diren manifestazioetan parte hartzeko deia zabaldu du Arbizuko Udalak.