Fran Baldaren askatasuna eskatzeko manifestazioa Arbizun

Guaixe 2015ko urt. 30a, 10:00

Igandean, 18:00etan, Arbizuko plazan, “Konponbideari erasorik ez. Fran etxera!” lelopean

 

Ilbeltzaren 12an atxilotu zuten Fran Balda arbizuarra, beste 15 euskal herritarrekin batera, horietatik 12 abokatuak, “Mate” deitutako operazioan. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak hilaren 14an Fran Balda espetxeratzea agindu zuen “Herrira-n jardutea debekatzen dion kautelazko neurria haustea, erakunde terroristako kide izatea, hura finantzatzea, gizarte segurantzari iruzur egitea, zerga iruzurra eta dirua zuritzea” egotzita.  

Navalcarneron isolatuta

Bere senitartekoek adierazi dutenez, egun Fran Balda Navalcarneroko espetxean dago, isolamenduko moduluan, beste kideekin inongo kontakturik gabe. Egunean 22 ordu pasatzen ditu ziegan. Bere atxiloketa eta espetxeratzea salatzeko eta arbizuarraren askatasuna eskatzeko manifestazioa deitu dute iganderako, 18:00etan, Arbizun. Mobilizazioak konponbideari erasorik ez. Fran etxera! leloa du. Balda eta gainontzekoen atxiloketa “euskal preso politikoak politikoki, juridikoki eta sostengu aldetik isolatzeko enegarren saiakera” izan direla salatu dute. 

Manifestazioan parte hartzeko deia

“Euskal preso politikoak etxean behar dute egon eta, horretarako, lehen pausoa salbuespeneko neurriekin bukatzea da, euskal jendartearen gehiengoaren nahiak eta europar epaitegiek erakutsi duten bezala. Etxeratzea atzeratu nahi du estatu espainiarrak, jakinda ere zein izanen den bukaera: etxeratzea” adierazi dute manifestazioaren sustatzaileak. Manifestaldian parte hartzera eta egunerokoan euren atxikimendua eta babesa adieraztera deitu dituzte sakandarrak, “eguneroko lan txiki handiak irekiko digulako bidea, erasoei erantzutea baino bidea egiteak garrantzi gehiago hartzen duen honetan, ezberdinen artean ere indarrak bilduz eta sortzen ari den Sare herritarra indartuz”.