Balda askatzea eskatu dute

Guaixe 2015ko ots. 2a, 14:19

Jende ugari elkartu zen Baldaren askatasuna aldarrikatzeko.

Presoak esan duenez, “ezin gara etsaiak emandako golpeen erantzun hutsean gelditu, eraiki egin behar dugu”.

Ehunka arbizuarrek eta sakandarrek Fran Baldaren askatasuna eta konponbideari erasorik ez egiteko aldarrikatu zuten Arbizun atzo. Euskal Herriko, Kataluniako eta estatuko prozesuak geldiarazteko “estatuko indarrik erreakzionarioenak ahalegin izugarria egiten” ari direla adierazi zuten akaberan. Saio hori “estatu autokolpetzat” jo zuten, “oinarrizko eta funtsezko askatasun guztiak bortxatzea eta salbuespen hutsean oinarritzen dena”.

Estatuko indar horiek “alarma” egoeran egonda arrazoi politiko, lurraldekoak eta ekonomikoak oinarri demokratikoekin erantzun beharrean errepresioarekin erantzutea erabaki dute n-garren aldiz, jakinda bide horretatik dituzten arazoak ez dituztela konponduko”. Testu inguru horretan kokatu dute ilbeltzaren 12ko sarekada eta beste hainbat gertaera. Estatuak ez duela egoera normalizatu bat nahi azpimarratu zen manifestazio akaberan: "eztabaida politiko-demokratikoan ez daude eroso, ez ezer baitute Euskal Herriari eskaintzeko”.

Baldak espetxetik esandakoak errepikatu zituzten: Ezker Abertzalea aurrera eramaten ari den ildoa eta estrategia indartu beharra dago, beste inork ez baitu alternatibarik eskaintzen, ez gatazkaren ondorioak konpontzeko, ez gatazka bera eragin duena, erabakitzeko eskubidea eta herri honen aitortza lortzeko”.

Presoak eta iheslariak etxeratzea lehentasuna dela eta “indar guztia egiten” segitzeko deia luzatu zen Arbizun. Sare eragilea indartzeko deia egin zen. Bestalde, “independentziara eramanen gaituen bidea egiteko erabaki txiki-handiak hartzen segitzeko” beharra azpimarratu zuten, “aldebakartasunez, zain egon gabe”. Euskal Bidea aldarrikatu zuten.