Euskadiko Master Txapelketa hartuko du Arbizuk

Guaixe 2015ko api. 17a, 15:49

Igandean, 10:00etan abiatuko da Arbizuko III. Master Saria, aldi berean Euskadiko Txapelketa izando dena

Aurreko urteko atsedenaldiaren ondoren, Arbizuk master mailako txirrindularitza proba hartuko du igandean. Goizeko 10:00etan abiatuko da Arbizuko III. Master Saria, aldi berean Euskadiko Txapelketa izango dena eta Nafarroako Master Koparako puntuatuko duena. Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatuko du lasterketa, Arbizuko udalaren eta Arbizuko taldeen laguntzarekin.
Seniorrak eta master 30, 40, 50 eta 60 kategoriako txirrindulariak ariko dira proban, Euskal Herrikoak eta gertuko probintzietatik hurbildutakoak. Euskal Herriko Txapelketa denez, puntako txirrindulariak espero dira. “Puntakoak eta besterik gabe zaletuak direnak” azaldu digu Aralar Taldeko Iraitz Goñik. Euskal Herriko Txapelketa denez, ibilbidea aldatu eta luzatu dute, gogortasun gehiago emateko. Helmuga Arbizun izango da eta bertan egingo da ere sari ematea. “Igandean ere Arbizuko landare eta lore azoka izanen da eta kolore gehiago izango du probak, giro politagoa izango da” gaineratu du Goñik.

Arbizun zazpi-zortzi sakandar ariko direla aipatu digu Goñik. “Arbizutik ni eta Alfredo Amillano, Irurtzundik Alex Maya eta Angel Moreno, Altsasutik Mikel Sarasola, Urdiaindik Iker Zabaleta, azken proba irabazi zuena… eta beste norbait gehiago ere animatuko da”.

Ibilbidea
Arbizutik aterata, Lizarragabengoara iritsi eta Zarapiko zubitik Etxarri Aranatzeraino helduko dira. Handik Arruazuko bidegurutzeraino joko dute, eta Lakuntzako estazio bidetik eta industrialdetik barna atzera ere Arbizura helduko dira, Lizarragabengoatik berriro Etxarriraino heltzeko. Orduan Irurtzuneraino helduko dira txirrindulariak, Izurdiagatik barna Errotzera heldu eta bertatik Urritzolaraino iristeko. Urritzolatik Etxarrenera aterako dira eta Arbizuraino jarraituko dute, Unanutik eta Dorraotik Lizarragako Kateko bidegurutzeraino igotzeko. Handik Lizarragaraino helduko dira eta Etxarrira jaitsi ondoren, Arbizun helmuga izango dute Master-50 eta Master-60 mailakoek. Aldiz, gainontzekoek aurrera egingo dute, Lizarragaraino helduz. Unanutik barna Arbizuko helmugara iritsi eta bertan despedituko da proba.

masterarbizu@gmail.com
Arbizuko proban izena emateko (13 euro). Egunean bertan Arbizun eman ahalko da izena, 9:00etatik 10:00etara, udaletxean (15 euro).

Gainontzeko probak
Juniorrek larunbatean, 17:00etan, X. Area 99 Sari Nagusia dute jokoan (83 km), eta 23 urtez azpiko afizionatuek Lehendakari Txapelketarako baliagarria den lasterketa jokatuko dute igandean Duranan, 10:00etan (122 km).