Ezkurdia: “Oinatz oso pilotari arriskutsua da eta bera atzean mantentzen saiatu beharko naiz”

Guaixe 2015ko mai. 7a, 10:03

Ezkurdiak eta Oinatzek atzo aukeratu zuten larunbateko buruz buruko final zortzirenetako partidarako materiala

Buruz buruko final zortzirenetan Arretxe II.a bidean uztetik datorren Joseba Ezkurdiak Oinatz Bengoetxea izango du arerio. Biek partidarako materiala aukeratu zuten atzo, Labriten.  

“Ongi sentitzen naiz. Igandeko partida hezetasunak baldintzatu zuen eta ez zen baliagarria izan benetan nola nagoen ikusteko. Baina entrenamenduetan sentsazioak onak dira eta lehendabiziko erronda irabazteak konfiantza ematen dizu” adierazi zuen pilotari arbizuarrak. Oinatz arerio gogorra dela gaineratu zuen. “Oinatz oso pilotari arriskutsua da. Egungo binakako txapelduna da eta joko momentu onean dago. Niri ilusio handia ematen dit bera bezalako pilotari baten kontra buruz buru aritzea. Bera atzean mantentzen saiatu beharko naiz, dominatzen bazaitu Oinatz oso pilotari arriskutsua baita. Nire jokoa egiten saiatuko naiz, Oinatzi gauzak zailtzeko”.

Oinatzek adierazi zuen ez duela txapelketa prestatzeko behar bezalako astirik izan, baina ilusioarekin hasiko dela. “Josebak buruz burukoan jokatzeko dohain handiak ditu, bereziki bolea. Izugarri ematen dio pilotari eta oso erasokorra da. Gainera, indartsu egiten ditu sakeak. Errespetu handiena izan behar zaio eta larunbatean zaila izango dut”.