FyTko kideak heldu den astean epaituko dituzte

Guaixe 2015ko eka. 7a, 12:10
Falange y Tradicionekoen pintaketak salatzeko manifestazioa egin zuten Arbizun.

Falange y Tradición taldeko bost kideetatik hiru kide epaituko dituzte astelehen eta asteartean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Talde terroristako kide izatea leporatu diete Javier Lopez Monreali, Jose Ignacio Irustari eta Borja Illerari. 2009ko otsaila eta lastaila bitartean frankismoko biktimen oroigarriak hautsi eta ezker abertzaleko kideen kontrako ekintzak eta heriotza-mehatxuak egitea leporatzen diete hiruei. Fiskaltzak 7 urteko espetxe zigorra eta eragindako kalteak ordaintzeko 4.500 euro eskatu ditu.

Arbizuko Udala beste hainbat herrirekin batera akusazio partikular gisa ariko da epaiketan. 1.800 euroko kalteak eskatu ditu. Bestalde, mehatxatuak izan ziren lau udal ordezkariak bideo-konferentziaz deklaratuko dute.

Gertaerak
2009ko agorrilaren 20an Arbizuko lau zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) agertu ziren idatzita Arbizuko udaletxeko fatxadan. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936.Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak.